Iñaki Errazkin: "Herritarrek demokratikoki babestutako proiektu politikoa da auzitara doana"

Maialen Etxaniz 2018ko mar. 23a, 12:26

Zubietako erraustegiaren kontratua eteteagatik epaituko dituzte Gipuzkoako Ingurumen diputatu ohi azpeitiarra eta Ainhoa Intxaurrandieta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakari ohia Espainiako Kontu Auzitegian, apirilaren 12an. Eragindako kalte ekonomikoa beren gain hartzea nahi du GHK-k: 41 milioi euro.

Iñaki Errazkin, Ingurumen diputatu ohia. (Maialen Etxaniz) Zuen kontrako auzia “EH Bilduren kontrako mendekua” izan dela aipatu zenuen Azpeitian emandako hitzaldian. Noren mendekua eta zertarako? EAJren eta PSE-EEren mendekua da –PP ere tartean sartzen da–, Gipuzkoan EH Bilduk zalantzan jarri zuelako bi alderdien hegemonia. Gainera, zalantza hori ez zen instituzioetara mugatzen, koalizioak zenbait proiektu handi ere zalantzan jarri baitzituen. Horrek kezkatu egin zituen, eta are gehiago 2011ko hauteskundeen ostean. Izan ere, ordura arte instituzioetan inoiz hartu gabeko erabakiak hartu ziren. Erabaki horien aurrean, gurekiko marra gorri batzuk jartzeko beharra sentitu zuten; marra horiek igaroz gero, ondorioak izango genituela argi utzi nahi ziguten. Bide juridikoa aktibatu dute horretarako, Madrilgo auzitegi batetara bideratu gaituzte, horrek suposatzen duen guztiarekin. Duela hiru urte hartutako erabaki batengatik epaituko zaituzte apirilaren 12an. Zergatik orain eta zergatik Espainian? Interpretazio ezberdinak egin daitezke, baina badago interpretazio juridiko bat. Erraustegia egiteko kontratua eten ostean, Euskal Herriko Kontu Auzitegiak txosten bat egin zuen, erraustegia gelditzeagatik ordaindu beharreko kalte ordainei lotutakoa. Txosten hori Madrilera pasatu zen gero, eta han berriro ireki zuten. Duela urtebete kasua artxibatzeko eskatu zuen Fiskaltzak, baina GHK-k helegiteak aurkezteko epea aprobetxatu zuen gure kontra egiteko. Izan ere, auzitara eraman gintuen, baina ez kalte ordainengatik, erraustegia gelditzeko hartu genuen erabakiagatik baizik. Ondorioz, prozedura judizial berri bat zabaldu zen, eta GHK-ko arduradunen argudioen araberako epaiketa batera bideratu zen auzia. Errauste plantaren kontratua eteteak ondorioak izango zituela bazenekiten. Baina espero al zenuten halako zigor eskaerarik? Ez nintzen harritu. Hasieratik nekien erraustegia gelditzeko hartutako erabakiak gure kontra egiteko aukerak zabalduko zizkiela; banekien une egokia topatu bezain pronto gure kontra egiteko aprobetxatuko zutela, eta hala egin dute. Aldundira iritsi izana aprobetxatu dute beren proiektuak zalantzan jarri dituztenei erasotzeko. Urtebete barru hauteskundeak direla ezin da ahaztu; etekina atera nahi diote auziari. Horretarako baldintza sozialak alde izan dituzte, eta horrek zer pentsatua eman behar liguke. Erraustegia gelditzea erakunde batek hartutako erabakia izan bazen, zergatik jo dute zuen kontra? Erabaki administratibo batengatik epaitzen gaituzte, eta erabaki hori jende askoren artean hartu zen. Nik egiten dudan interpretazioa da EAJren helburua dela borroka politiko honetan bere aurka egiten dutenei eskarmentua ematea. Hau da, bere eremua zein den marra gorriz zehaztu nahi du. Tartean diru asko dagoen proiektuetan muturra sartzen duen norbait badago, zigortu egiten dute. Kasu honetan nahikoa iruditu zaie erraustegiaren aurkako borrokaren aurpegi publikoen kontra jotzea, Ingurumen diputatuaren eta GHK-ko lehendakariaren kontra egitea. Erraustegia gelditzeko erabaki formala hartu zuten pertsona guztiak auzitara eramango balituzte, asko luzatuko eta korapilatuko litzateke prozesua. Horregatik, erasoa neurtu egin dutela esan daiteke. Eskarmentua emateko bi pertsona auzitara eramatea nahikoa dela pentsatu dute. Erraustegiaren aurrean alternatibak badaudela diozue, baina instituzioetan egonda ere ez duzue horiek garatzerik izan. Nola irits daiteke alternatiba horietara? Alternatibak eraikitzeko orduan guk botere bakarra izan dugu: gizarte babesa. Birziklapenaren alde urratsak emate jarraitzen badugu, erakutsiko dugu ez direla erraustegiak behar. Alternatibak eraikitzea norberaren esku dago. Instituzio batzuk ere eragin dezakete erabakian, udalek kasu. Azpetiko Udalak birziklapen tasak igotzeko urratsak ematen baditu eta joera hori Gipuzkoa osora zabaltzen bada, erraustegia funtzionatzeko ahalmenik gabe geldituko litzateke. Horregatik, aldaketan eta alternatibetan sinesten dutenei mezu positiboa helarazi nahi diet. Erraustegiaren aldekoak instituzioen eta botere judizialaren jabe dira, baina guk alternatibak badaudela erakutsi behar diegu. Birziklapenaren aldeko borrokan sakontzen badugu, ziur nago hemendik urte gutxira erraustegiaren bideragarritasunaren inguruan eztabaidatuko dugula. Auzitegietara begira jarrita, zer espero duzue Espainiako Kontu Auzitegiarengandik? Ezin jakin, baina auzitegietan kontuak nola dauden ikusita... Ezin dugu esan abiapuntua erraza denik. Alde bakoitzak bere argudio juridikoak jarri ditu mahai gainean, baina auzitegietan ematen den testuingurua ulertu behar da. Kasu honetan, zoritxarrez, Kontu Auzitegia Espainiako Kongresuaren arabera erabakitzen da. Beraz, politizatuta dagoen erakunde bat da. Gure kasuan, instruktorea PPko ministroa izandakoa da. Kokatu egoeran: alde batean EAJ, PSE-EE eta PP daude, eta bestean EH Bildu. Horrek ez du esan nahi erabakia hartuta dagoenik, baina... 41 milioi euroko zigorra eskatzen du GHK-k zuentzat. Zer suposatzen dizu horrek? Bi kezka mota sortzen dizkit aferak: kezka pertsonalak eta kezka politikoak. Kezka pertsonalak dira, esaterako, lanpostua bilatzeko unean aferak izan dezakeen eragina edota bizitza osoa hipotekatuta igaro beharko dudala. Alde politikoari dagokionez, instituzioetako joko arau demokratikoak kezkatzen nau. Dirudienez, ezin dugu hauteskundeetan herritarrek bozkatu dutena aurrera eraman, jipoia jasotzerik nahi ez badugu. Gure bozak ez al du beraienak bezainbeste balio, ala? Angula ustelak martxan da. Helburua da gaia gizarteratzea. Zergatik da garrantzitsua? Guretzat garrantzitsua da erraustegiaren iguruan izandako gorabeherak guk nola bizi izan ditugun azaltzea. Dena den, nabarmendu nahi duguna da zergatik egin duten gure aurka eta zer lortu nahi duten horrekin. Gertatu denaren aurrean ahalik eta erantzun indartsuena ematen saiatu behar dugu. Izan ere, herritarrek demokratikoki, boza emanda, babestutako proiektu politikoa da auzitara doana. Apirilaren 7rako manifestazioa deitu dute Azpeitian zuri eta Ainhoa Intxaurrandietari babesa emateko eta gertatutakoa salatzeko.  Eskerrak eman nahi dizkiet mugitzen ari den jendeari, hala nola hitzaldira agertu ziren herritarrei, manifestazioa antolatzen ari direnei eta argazkira agertu ziren lagun guztiei. Asko ari dira laguntzen. Jokoan dagoena kontuan izanda, jendeari aktibatzeko deia egin nahi diogu, hori baita guk defentsarako dugun modu bakarra. Beraz, mobilizatzeko gonbidapena egin nahi diet herritarrei.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide