Maketa Lehiaketako GazteBizHitza Saria irabazi du Silence taldeak, eta finalera sailkatu da

Urola Kostako Hitza 2018ko mar. 23a, 10:41

Silence Azkoiti-Azpeitiko musika taldeak jaso du Gaztea irratiak antolatutako Maketa Lehiaketako GazteBizHitza Saria, entzuleen boto gehien jaso ondoren. Atzo amaitu zen lehiaketaren bozketa fasea, eta taldeak 1379 boto eskuratu ditu, Pho-Bo bigarren sailkatuak baino 266 puntu gehiago, hain zuzen ere. Silencekin batera, beraz, Pho-Bo taldea ere lehiaketako finalera sailkatu da, eta epaimahaiak honako beste hiru talde ere hautatu ditu azken lehiarako: Hakima Flissi, Nerabe eta Aizkorak Zorroztu. Bost taldeek apirilaren 27an hartuko dute parte Bilboko Kafe Antzokian egingo duten finalean, eta irabazten duenak 5.000 euroko saria —Epaimahaiaren Saria– jasoko du eta Bilbao BBK Live jaialdian kontzertua eskainiko du. Sari nagusiaz gain, ordea, Kafe Antzokiaren sari berezia ere banatuko dute, eta irabazleek 300 euro jasoko dute. Laurogei talde inguruk hartu dute parte aurtengo edizioan, eta 21 talde lehiatu dira bozketa fasean. Haien artean izan dira Julen Hidalgo azpeitiarrak eta Jose Mari Unanue, Djuniet Astigarraga, Jon Kustodio eta Andrea Pozo azkoitiarrek osatzen duten Silence eta Koldo Sagarzazu azkoitiarra kide den Deus Ez taldeak.    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide