Pasaiako segadaren 34. urteurrenean, lore eskaintza

Urola Kostako Hitza 2018ko martxoaren 22a

https://youtu.be/MO-DarVvT8c Gaur, martxoak 22, Pasaiako segadaren 34. urteurrena da. Gaur 34 urte bete dira Espainiako Poliziak Komando Autonomo Antikapitalistetako Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak, eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak hil zituela Pasaiako badian. Urtemuga gogoan, geldialdia egin dute herriko ikasleek goizean, eta arratsaldean urtero egin ohi duten lore eskaintza egin dute Pasaiako segadan hildakoen omenez. Enparan dorretxearen atzeko zelaian jarritako monolitoaren aurrean egin dute ekitaldia, 19:00etan hasita. Senideenaren ondoan beste lore sorta bat ere bazen, Azpeitiko Udalarena. Lore eskaintza egin ostean, hitza hartu dute Pasaiako segadan hildakoen senideek, eta zapatuan egingo duten kontzentraziora agertzeko deia egin diete herritarrei. Auziak epaitegietan eman dituen azken urratsez ere aritu dira, baina horien inguruko xehetasunak zapatuko agerraldian emango dituztela esan dute.       Hori ez ezik, Espainiako Gobernuak aste honetan ezker abertzalearen kontra egin dituen atxiloketak salatu dituzte. Halaber, atzera begira jarri eta Euskal Herrian "gertakizun mingarriak" gertatu direla gogoratu dute, eta "gezurrezko kontakizunik" onartuko ez dutela azpimarratu. Ateak itxi dizkiote auziari Duela 34 urte Pasaian gertatutakoa argitzeko borrokan aritu dira hildakoen senitartekoak urte luzez; Gipuzkoako nahiz Espainiako Justizian egin zezaketen auzibidea agortuta, Europako Giza Eskubideen Auzitegira jo zuten, eta gauza bera egin zuen udalak. Baina Estrasburgok ere ateak itxi dizkio auziari. Joan zen martxoaren 17an jakinarazi zuten Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ez dituela onartu Azpeitiko Udalak eta Pasaiako segadan hildakoen senideek jarritako helegiteak. Epai hori "beste kolpe latz bat" izan da hildakoen senideentzat. Jakinarazi zutenez, Europako Parlementura eta Nazio Batuen Erakundera jotzea aztertuko dute orain.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide