Azkoitian eta Azpeitian autobus zerbitzuan aldaketak izango dira zapatuan, maratoi erdia dela eta

Urola Kostako Hitza 2018ko martxoaren 22a

Geltoki batzuk lekuz aldatuko dituzte lasterketak irauten duen bitartean, eta zerbitzu batzuk bertan behera ere geldituko dira zapatu arratsaldean.

Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia egingo da etzi, hilak 24, eta horrek hainbat aldaketa eragingo ditu Azpeitiko eta Azkoitiko autobus geltokietan. Azkoitian ordu jakin batzuetan aldatuko dira geltokiak. Zestoa-Eibar-Ermua linean, Ermuatik 16:40ean irteten den zerbitzuak ezingo du Azkoitira sartu; autobusa bariantetik joango da eta geltokiak Altzibarko biribilgunean eta Txerloian izango dira. Zumaia-Zumarraga ibilbidea betetzen duten autobusei dagokienez, Zumaiatik 16:45ean irteten den zerbitzuak ezingo du Azkoitira sartu; geltokiak Etxe Zuri eta igerilekuaren arteko bidegurutzean eta Altzibarko biribilgunean izango dira. Urbanueren zerbitzuan ere izango dira gorabeherak. Herri barruko autobusak ez du zerbitzurik eskainiko 17:30ak arte; horrela, 16:30etik 17:30era bitarteko zerbitzuak bertan behera utziko dituzte. Azpeitian, berriz, lasterketak irauten duen bitartean, 15:00etatik 19:30era, trafikoan eta autobus geltokietan aldaketak izango dira. Hala, autobusen geltokiei dagokionez, honako aldaketak izango dira: Loiolako geralekua tren geltoki zaharraren aurrealdean izango da; eta Sanjuandegiko geltokia, berriz, suhiltzaileen parke aurrean. Bestalde, anbulatorioko geralekuan autobusak ez du geldialdirik egingo, eta trenaren museoko eta Julian Elorzako geldialdiak saihesbidean izango dira, trenaren museo alboko oinezko zubiaren bestaldean, alegia. Geldialdi aldaketez gain, autobus zerbitzuan atzerapenak izatea aurreikusten da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide