Gaur itxiko da Emakume Master Cupeko finalak ikustera joateko autobuserako izen-ematea

Urola Kostako Hitza 2018ko martxoaren 21a

Autobusez joan nahi dutenek bi modutara egin dezakete izen-ematea: kirolak@azpeitia.eus helbidera idatzita edo 943-15 72 00 eta 943-15 00 95 telefonoetara deituta. Eibarko Astelena pilotalekuan jokatuko dituzte finalak Alaitz Badiola eta Oihana Orbegozo azpeitiarrek eta Eneritz Arrieta azkoitiarrak

Atzo aurkeztu zuten finala Eibarren. Arrieta (goitik bigarrena), Alaitz Badiola (behetik hirugarrena) eta Oihana Orbegozo (behean eskubian) lehiatuko dira finalean. Emakume Master Cup pilota txapelketako finalak jokatuko dituzte igandean, hilak 25, Eibarko Astelena pilotalekuan. Promozio mailako txapela lortzeko lehian arituko dira Alaitz Badiola eta Oihana Orbegozo azpeitiarrak. Lehen Mailan, berriz, Eneritz Arrietak neurtuko ditu indarrak. Azpeitiko Udalak finalak ikusteko autobusa antolatu du, eta gaur itxiko dute autobuserako izen-ematea. Izen-ematea egiteko bi modu daude: kirolak@azpeitia.eus helbidera mezua idatzita edo 943-15 72 00 eta 943-15 00 95 telefonoetara deituta.Norgehiagokak 12:00etan hasiko dira, eta autobusean izena ematen duten herritarrek, finala amaitzean itzuliko dira herrira. Joan zen igandean jokatu zituzten txapelketako finalerdiak, Oñatin eta Badiolak eta Orbegozok Maddi Unanue azpeitiarra eta Naroa Agirre Arroa Goiko bizilaguna 18-17 mendean hartu ondoren sailkatu ziren finalera. Promozio mailan, Nagore Aramendi eta Oihana Unanuek ere jokatu zituzten finalerdiak, baina azpeitiarrek 17-18 galdu zuten. Igandean Badiolak eta Orbegozok Amaia Vicario eta Ainhoa Urien bikotearen aurka neurtuko dituzte indarrak.  Eneritz Arrieta eta Patri Espinar, berriz, iaz txapeldunak izan ziren Olatz Arrizabalagaren eta Leire Etxanizen aurka ariko dira.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide