Azkoitri trialtoi taldeak denboraldiko aurkezpena egin du

Urola Kostako Hitza 2018ko martxoaren 19a

Aurten ez dute egingo federatuen duatloirik Azkoitian, azken urteetan Gipuzkoako Trafiko Zuzendaritzak jarri dizkieten "oztopoengatik" eta federazioak erakutsi duen "interes faltarengatik". Dena den, duatloi herrikoia egingo dute bosgarren urtez, eta edonork parte hartu ahal izango du.

Oraingoz, 16 lagunek hasi dute denboraldia. (Maxixatzen) Azkoitri triatloi taldeak denboraldiko aukerzpena egin zuen joan zen larunbatean. Oraingoz, 16 lagunek dituzte lizentziak, horietatik zazpi azkoitiarrak eta bederatzi azpeitiarrak. Dena den, aurreikusi dute ekainera bitartean kide gehiago batuko direla taldera, eta 30 lagun izatera iristea espero dute. Taldea aurkeztearekin batera, klubak jakinarazi du aurten Azkoitian ez dela izango federatuen duatloirik. Azken urteetan, proba antolatzeko beharrezko baimenak lortzeko "arazo ugari" izan dituztela adierazi du Aitor Beneitez taldeko kideak, eta, horren eraginez, aurten proba ez antolatzea erabaki du Azkoitrik. Salatu dute Gipuzkoako Trafiko Zuzendaritzak "hainbat oztopo" jarri diotela azken edizioetan, eta, besteak beste, ibilbidea eta datak aldatu egin behar izan dituzte. "Iaz, esaterako, ekainera aldatu genuen probaren data, eta jende gutxik hartu zuen parte. Lan asko eskatzen du duatloia antolatzeak, eta joan zen urtean ikusi genuen fruitu gutxi eman zituela", esan du Beneitezek. Era berean, duatloia antolatzeko orduan Euskadiko Triatloi Federazioaren "interes falta" ere kritikatu du Beneitezek. "Duatloiak antolatzerako orduan dauden arazoak orokorrak dira. Aurten, Azkoitiko eta Aizarnazabaldo duatloiak ez dira egingo, eta Gernikakoak eta Oñatikoak ere bertan behera utzi dituzte. Gero eta duatloi gutxiago egiten dira, beraz. Baina triatloiak egiteko arazorik ez dago, eta proba horiek jende ugari mugitzen dute. Uste dut federazioak zerbait egin beharko lukeela duatloien inguruan", gaineratu du. Federatuen duatloirik egingo ez bada ere, duatloi herrikoia egingo dute bosgarren urtez Azkoitian, eta Beneitezek berretsi du edonork har dezakeela parte han. Lasterketa uztaila inguruan egitea aurreikusten dute, eta parte hartzaileek bi kilometro korrika, zortzi kilometro bizikletan eta beste kilometro bat lasterka egin beharko dute. Dena den, datozen hilabeteetan emango dute probaren inguruko informazio gehiago. Triatloi denboraldiari dagokionez, apirilaren 29an hasiko da Euskal Herriko triatloi zirkuitua, Getarian, eta, gutxienez, klubeko lau kidek hartuko dute parte hango proban.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide