"Erraustegiaren proiektua gelditu eta alternatiba eraikitzeko asmoa zuen programa politikoarekin irabazi zituzten hauteskundeak Iñakik eta Ainhoak, eta esandakoa bete baino ez zuten egin", adierazi zuten agerraldian Manuel Agirretxe herritarrak eta Azpeitiko Udalean Errazkinen taldean zinegotzi ohi izandako Leire Ibargurenek. Haien hitzetan, GHKko bi arduradun "zigortu" nahi dituzte orain, "gipuzkoarron osasuna eta ingurugiroa kaltetzera zetorren eta datorren errauskailua gelditzeagatik".
Agerraldian adierazi zutenez, "eredu kapitalistak alternatibak izan ditzakeela erakustea" zigortu nahi du Foru Aldundiak: "Errauskailuaren atzean itzeleko interes ekonomikoak egon dira hasieratik, eta interes ekonomiko haorien atzean enpresari, politikari, banku eta komunikabide boteretsuak daude. Horien guztien interesak kolokan jartzea epaitu nahi du aldundiak".
"Errauskailuak baditu alternatibak" herriko talde eragileetako kideen aburuz. "Gipuzkoako hainbat herritan lortu diren birziklapen tasek erakusten dute posible dela hondakinak beste modu batera kudeatzea", esan zuten. Baina "hondakinen kudeaketa eraginkor eta zentzuzko bat lortzeko" herritarren eta erakundeen "konpromisoa areagotzea beharrezkoa" dela diote. Horregatik, manifestazioa deitu dute apirilaren 7rako. Plazatik abiatuko da mobilizazioa 18:30ean.