Film laburren txapelketa iragartzeko kartela. (Azpeitiko Gaztetxea)
Martxan da Azpeitiko Gaztetxeak antolatutako film laburren txapelketa. "Herritarrek ezkutuan duten sortzaile sena piztu" nahi du Gaztetxeak abiatu berri duen txapelketarekin. Helburua da "herritarren irudimena dantzan jartzea".
Txapelketarako aukeratutako gaia Joseba Sarrionandiaren Ez diren gauzak olerkiaren aurreneko esaldia da, eta horrela dio: Litezkeen gauzarik ederrenak ez dira. Parte-hartzaileek nahi duten eran jolas dezakete gaiarekin, eta antolatzaileen esanetan, "txapelketan parte hartzen dutenek erabaki beharko dute zein ikuspuntutatik heldu gaiari: umoretik, dramatismotik, aldarritik, zentzugabekeriatik edota salaketatik".
Txapelketara aurkezten diren film laburrek bi minututik zortzi minutura arteko iraupena izan beharko dute. Pertsona orok har dezake parte Gaztetxeak antolatutako film laburren txapelketan.
Egindako lanak aurkezteko modua ez da ohikoa izango. Izan ere, parte-hartzaileek ez dute bideoa helbide jakin batera bidali behar. Apirilaren 26an Azpeitiko Gaztetxean egingo duten film laburren emanaldira eraman beharko dute sortutako bideoa USB memoria batean. Han izango dira ikusgai txapelketara aurkezten diren lan guztiak. Gaztetxeak urtero antolatzen duen Gazte Astearen barruan egingo da film laburren emanaldia. Gaztetxetik aurreratu dutenez, "ikus-entzunezkoen munduan murgilduta dauden azpeitiarrek osatuko dute epaimahaia".
Bideogintza tailerra apirilerako
Gaztetxeko kideek bideogintza tailerra jarriko dute martxan apirilean, "film laburren txapelketan parte hartu nahi duten pertsonei laguntzeko". Bideoak editatzeko programen oinarrizko tresnen erabilerak ikasiko dituzte bideogintza tailerrera animatzen diren lagunek. Saioen inguruko informazio zehatza aurrerago jakinaraziko du Gaztetxeak.