Apirilaren 12an epaituko dituzte Madrilgo Kontu Auzitegian Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen diputatu ohi azpeitiarra eta Ainhoa Intxaurrandieta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakari ohi lezoarra, erraustegiaren proiektua bertan behera utzi izanagatik. Azpeitian, epaiketa horri erantzuteko eta biei elkartasuna erakusteko lehen bilkura egin zuten gaur zortzi Sindikatu Zaharrean. Elkar-ekinek zabaldu zuen deialdia eta 30 pertsona inguru elkartu ziren han. "Datozen asteotan hainbat egitasmo egitea erabaki zen bertan, tartean mobilizazio handi bat", azaldu dute Elkar-ekinekoek.
Egitasmo horiek aurkezteko, herritarrekibn argazki bat atera nahi dute, eta hitzordua jarri dute horretarako: etzi, ostirala, izango da Sanagustin kulturgunean, 19:00etan.
Aurretik, gaur bertan, egin nahi dituzten egitasmoak prestatzeko beste bilera bat egingo dute, 19:00etan, Sindikatu Zaharrean.