'Mugetatik haratago' hezkuntza proiektuan parte hartu duten ikasle batzuk. (Nora Alberdi)
Loiolako santutegira sartu bezain pronto, gaztetxoek azkar antzemango dute berezia izango dela hango egonaldia: lehenengo egunean, plastikozko poltsa batean bi gauza soilik sartzeko eskatzen diete nerabeei, aukeratutakoarekin igaro beharko dituztelako ondorengo egunak. "Hasiera batean, behintzat, oso gauza desberdinak aukeratzen dituzte ikasleek: batzuek lo zakuak hartzen dituzte; beste batzuek, berriz, nezeserra eta arropa. Badira janaria edo gozokiak sartzen dituztenak ere". Modu horretan hasten da joan zen irailaz geroztik Azpeitiko auzoan egiten ari diren
Mugetatik haratago hezkuntza proiektua.
Alboan gobernuz kanpoko erakundeak, Loiolako santutegiak, Ellacuria fundazioak eta jesuiten Loiolaetxea fundazioak lehenengo urtez abiatu dute
Mugetatik haratago egitasmoa, eta, irailaz geroztik, Hego Euskal Herriko ikastetxeetako DBHko ikasleak hartzen dituzte astez aste. Egonaldi horretan, bizipen-dinamika baten bidez, migratzaileen eta errefuxiatuen egoerara gerturatzen dituzte gaztetxoak gaiaz hausnarketa egin dezaten. Egitasmo horretako parte hartzaile guztiak behartutako migratzaile bihurtuko dira berehala, eta ondorengo hiru etapak pasatuko dituzte Loiolako egonaldiak irauten duen bitartean: ihesaldia, bidea eta iritsiera.
Egonaldia bi ataletan banatzen dute hiru pauso horiek gauzatzeko, eta bizipenei dagokiena da horietako bat: lehenengo egunean, Polizia joaten zaie ikasleei, etxebizitzak utzi behar dituztela eta itzultzeko aukerarik ez dutela izango esanez. Ihesaldia irudikatzen dute orduan, mugara iritsi arteko ihesaldia. Errefuxiatuen kanpalekura iritsiko dira hura gurutzatuta. "Gau horretan kanpalekuetan lo egin behar dutela esaten diegu, eta afaritan arroza eskuekin jan beharko dutela", jarri du adibidetzat Aloña Bracerasek, egitasmoko koordinatzaileak. Dena den, aurreratu du hurrengo egunak "normalagoak" direla. Egonaldiaren bigarren egunean, bidali egingo dituzte errefuxiatuen kanpalekuetatik, gunea sostengatzeko nahikoa diru ez dagoela esanez. Orduan, mugak igaroko dituzte, ginkana baten bidez. Azkenik, hirugarren egunean, harreraren gaia lantzen dute, aurreiritzietan, estereotipoetan eta integrazioan sakonduta.
Jarraitu erreportajea irakurtzen
Gipuzkoako Hitzaren webgunean.