Gaur aurkeztu dute Sagardoaren Txapelketa, Bereziartua sagardotegian. (Oriamendi)
Erremonteko Sagardoaren VIII. Txapelketa hasiko da bihar, osteguna, eta, guztira, zortzi bikotek parte hartuko dute txapelketa horretan: Otaegi-Ion (Petritegi), Juanenea-Endika (Larre Gain), Urriza-Garces (Gurutzeta), Segurola-II-Barrenetxea IV (Oialume Zar), Ezkurra II-Azpiroz (Bereziartua), Uterga-Zubiri (Altzueta), Etxeberria IV-Agirrezabala (Gaztañaga) eta Matxin III-Larrañaga (Setien). Erremontista horietako zazpi eskualdekoak dira: Otaegi, Ion, Etxeberria IV, Agirrezabala eta Matxin III azpeitiarrak dira, aizarnazabaldarra da Segurola eta azkoitiarra Larrañaga.
Lehen partida bihar, osteguna, jokatuko dute Urrizak eta Garcesek Utergaren eta Zubiriren kontra, Hernaniko Galarretan. Ligaxka martxoaren 31n amaituko da, eta, apirilean, azken faseko partidak jokatuko dituzte.
Multzo bakoitzeko hirugarren eta laugarren sailkatuek elkarren kontra jokatuko dute final zortzirenetan, apirilaren 7an, eta irabazleek final laurdenak jokatuko dituzte lehen fasean bigarren sailkatu direnen kontra, apirilaren 14an. Final laurdenetako irabazleek, multzo buru direnen kontra jokatuko dituzte finalerdiak, apirilaren 21ean. Final handia, berriz, apirilaren 28an izango da.