Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Madrilgo Kontu Auzitegiak epaituko ditu Gipuzkoako Ingurumen Diputatu ohi azpeitiarra eta Ainhoa Intxaurrandieta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakari ohia, Zubiaetako errauste planta galdiarazteagatik. Azpeitiko Elkar-Ekin taldeak bilera deitu du hilaren 7rako
Madrilgo Kontu Auzitegiak Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen diputatu ohi azpeitiarra eta Ainhoa Intxaurrandieta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakari ohia epaituko dituzte datorren apirilaren 12an, 2013an Zubietako errauste planta geldiarazteagatik.
Hasiera batean, irailean egitakoak ziren haien aurkako epaiketa, baina Argia hedabideak joan zen astean jakinarazi zuen apirilera aurreratu dutela, "agerikoak ez diren arrazoiengatik". Apirilaren 12ko saioan, Denis Itxaso Gipuzkoako Turismo diputatua eta San Marko Mankomunitateko presidende ohia eta Arcadio Benitez Debabarrena Mankomunitateko lehendakaria ariko dira kontrako lekuko gisa.
Iazko urrian erabaki zuen Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko batzarrak —EAJk eta PSE-EEk dute gehiengoa— diputatu eta GHK-ko lehendakari ohiei Estatuko Kontu Auzitegian salaketa jartzea. Bi epaituek "ardura kualifikatua" izan zutela eta, errauste plantaren proiektua gelditzeak eragindako kalte ekonomiko osoa beraien gain hartzea eskatu du GHK-k; diputazioaren arabera, 40 milioi eurokoak dira gastu horiek.
Bilera, martxoaren 7an
Epaiketaren harira, Azpeitiko Elkar-Ekin taldeak herrikideari elkartasuna adierazteko eta "epaiketa guzti honen atzean dagoena" salatzeko zerbait egitea "beharrezkotzat" jo du. Salatu dute "botere ekonomikoari aurre egiteagatik eta zentzuzkoa den hondakin politika bat aurrera eramateagatik" zigortu nahi dituztela biak ala biak, eta, egoeraren aurrean, zer egin aztertzeko bilera deitu dute martxoaren 7rako. 19:00etan elkartuko dira, Sindikatu Zaharrean.
Horrez gain, Gipuzkoa Zutik mugimenduak Angula ustelak hitzaldi zikloa antolatu du datozen asteetarako, Errazkini eta Intxaurrandietari elkartasuna adierazteko eta epaiketa salatzeko asmoz. Guztira, 35 herritan emango dituzte hitzaldiak Intxaurrandietak berak eta Igor Melchor kazetariak, eta eskualdean hainbat saio egingo dituzte: martxoaren 12an Azpeitian izango dira, eta martxoaren 16an Azkoitian eskainiko dute hitzaldia.