Ane Bastida Laurobako baxu-jotzailea. (Yuri Agirre)
Duela bederatzi urte inguru hasi zen Ane Bastida (Azpeitia, 1987) Lauroba taldean. Biolin-jotzailea ikasketaz, baxua jotzen ederki ikasi du urte guztiotan. Taldearen ibilbidearen bukaera dela-eta penaz badago ere, jasotako babesak zapatuko kontzerturako irrika piztu dio. Nork esango zion Laurobaren bideoklip batean agertu zen neska hari, taldaren historiaren zati bilakatuko zenik.
2010ean Uztarrian egindako elkarrizketa batean honako hau esan zenuen: "Harrituta gelditu nintzen Lauroba taldekoek proba egiteko deitu zidatenean?". Egin du euririk ordutik...
Deitu zidatenean harrituta gelditu nintzen; izan ere, sasoi hartan baxuaren bi soka jotzen nituen. Orduan Eztake taldean jotzen nuen, eta juxtu-juxtu moldatzen nintzen; izatez biolin-jotzailea naiz. Ikerrek [Lauroba] deitu zidanean, adarra jotzen ari zitzaidala pentsatu nuen, baina zerbait ikusiko zidan, edo ez dakit. Taldean hartu ninduten, baldintza batekin: baxua jotzen ikasi behar nuen. Eta halaxe aritu nintzen denbora luzez ikasten.
Eztaketik Laurobara jauzia handia izan al zen?
Eztake 16-17 urterekin sortu genuen musika eskolan. Baxu-jotzailea falta zela-eta hasi nintzen ahal nuena egiten. Beraz, jauzia handia izan zen. Eztakeko kideok lagunak ginen, berriak, elkarrekin ari ginen ikasten, eta Laurobara joatea bat-batean... Entzuten nituen Laurobaren kantak, kontzertuetara joaten nintzen, baina...
Eta Eztake desagertu egin zen.
Batzuk ikastera kanpora joan ziren, eta bakoitza bere bidea egiten hasi zen. Hala esan nien taldekideei: "Zuek itzultzerako baietz soka guztiak jotzen ikasi!". Bueltatu ziren, eta hala esan nion [Mikel] Zalduari: "Ba soka guztiak jotzen ditut!". Eta hark galdetu zidan zer taldetan hasi nintzen, ondo zekien-eta nire kabuz ez nuela ikasiko [barreak].
Nola aldatu da taldea urteotan?
Lehen bi diskoak gogorragoak ziren, eta handik aurrera baladak-eta sartu ditugu. Adinak ere badu eragina horretan. Ikasten joan gara urteekin. Laurobarekin ez dugu inoiz mugarik jarri kantuak egiterakoan; beti izan da esperimentu moduko zerbait. Eta kantuak eta diskoak horrela joan dira aldatzen.
https://www.youtube.com/watch?v=9t9I7oF5cbY&feature=youtu.be
Eta zer eman dizu Laurobak?
Familia bat izan da. Une oso onak bizi izan ditugu, baina momentu txarrak ere pasatu ditut nik. Eta Laurobak izugarrizko babesa eman dit, inoiz ez naute bakarrik laga, nahiz eta une jakin batzuetan ezin izan nuen kontzertuetara joan.
Esfortzua ere eskatuko du halako talde batean jotzeak, ezta?
Bai, handia. Gu ez gara musikatik bizi, taldekide guztiok lana egiten dugu. 08:00etan lanera sartu, eguerdian atera, arratsalde hasieran entsegu lokalera joan, kontzerturako gauzak hartu, Gasteizera joan, soinu froga egin, kontzertua eskaini, dena desmuntatu eta gauerdian entsegu lokalera gauzak uztera. Eta hurrengo egunean, lauzpabost ordu lo eginda, berriz ere lanera. Horrek nekatu egiten du. Baina gustura egiten ditugun gauzak direnez, hortxe jarraitu dugu orain arte.
Ibilbidea bukatzea erabaki duzuela jakinarazteko idatzi zenuten mezuan honako hau irakur daiteke: "Oso zaila egiten zaigu gure musika era duin batean zabaltzen jarraitzea".
Taldea uzteko arrazoi nagusia hori izan da. Disko guztiak geuk ordaindu ditugu, sustapen lan denak geuk egin ditugu, argazki saioak eta bideoklipak ere bai. Azken diskoarekin, mila ate jota, ahal zen moduan, bira egitea lortu genuen, baina joan zen udatik hona, saiatu arren, gero eta gehiago kostatu zaigu tokia egitea. Ezezkoak jaso ditugu, baldintza oso txarrak eskaini dizkigute, eta onartu ditugun kontzertu asko ere baldintza kaxkarretan eskaini ditugu. Erabaki dugu horrela ezin dugula segitu, gutxieneko batzuk behar dira aurrera egiteko.
Musika taldeen egoeraren islada bizi izan duzuena?
Talde askori ari zaio antzeko zerbait pasatzen. Oso onak dira asko, baina ez dute aukerarik entsegu lokaletik ateratzeko. Gustura ariko zara entseatzen, sortzen, baina musika hori plazaratzea nahi duzu. Badira gauzak oso ondo atera zaizkien taldeak, baina askok zailtasun ugari dituzte. Kontzertua emateagatik ordaintzen duten taldeak ere badaude, pentsa.
Txanponaren bi aldeak ezagutu dituzu.
Hesianekin baldintza nahikoa onetan aritzen gara, nahiz eta horrek ez duen kentzen entseguen estres puntua. Halere, dena beste modu batean egiten da; taldeak bere soinu teknikaria izate hutsa izugarria da. Laurobarekin, Iker aritu izan da kontzertua ematen eta teknikari lanak egiten.
Zailtasunak zailtasun, zer ikasi duzu bidean?
Ikasi dut lana eginez egiten dela aurrera. Baina Laurobaren kasuan, lan eta lan ibili gara, eta ikusten duzu hala ibilita ere ez zarela iristen nahi duzun puntura. Oso pozik gaude iritsi garen lekura iristeagatik; lan ona egin dugulakoan nago.
Pena puntu bat ere izango duzu.
Bai, bukaera gero eta gertuago dagoelako. Aspaldi hitz egin genuen nola egingo genuen, baina publiko egin genuenetik sentipen arraro bat daukat. Batetik, tristura, uzten dugulako eta ez dugulako gure gogoz utziko; bestetik, baina, jendearen izugarrizko babesa ari gara jasotzen. Eta beharbada, aspaldi ez genuen horrelako babesik sentitu. Beraz, goxotasun puntu bat ere badut.
Zapatuan emango duzue azken kontzertua. Nolakoa izango da?
Ez genekien nola eman bukaera ibilbideari. "Ondoen zer egiten dugu?", galdetu genion geure buruari, eta azken kanta bat egin dugu. Zapatuan, berriz, lagun eta familiako kide ugari joango dira Dokara, musikariak ere bai, eta alde horretatik bukaera ez da hain tristea izango. Beno, zapatukoa tristea izango da, baina era berean polita ere bai. A, eta agur honek ez du esan nahi betirako izango denik. Nork daki!
Laurobak agur esan arren, Hesianekin segituko duzu?
Irakaslea naiz, eta hori da nire proiektu nagusia, baina musika ez dut lagako. Hesianekin segituko dut; ilusioarekin ari gara lanean. Eta agian beste proiekturen bat ere aterako da aurrerago, baina oraingoz bi horiekin nahikoa.