Jeanne Rolande ekintzaile feministak egindako tesia aurkeztuko du Azpeitiko Emakumeen Txokoan

Urola Kostako Hitza 2018ko otsailaren 23a

Rolanderen tesiak emakume afrikar migratzaileek beren identitatea, imaginarioa eta praktikak nola eta zergatik eraikitzen eta deseraikitzen dituzten kontatzen du

Jeanne Rolande ikerlari eta ekintzaile feminista. Jeanne Rolande ikerlari eta ekintzaile feministak (De)construyendo identidades, imaginarios y practicas. Mujeres migrantes africanas en la encrucijada tesia aurkeztuko du asteazkenean, hilak 28, Azpeitiko Emakumeen Txokoan, 18:00etan hasita. Rolanderen tesiak emakume afrikar migratzaileek beren identitatea, imaginarioa eta praktikak nola eta zergatik eraikitzen eta deseraikitzen dituzten kontatzen du, gaiaren inguruko hausnarketa egitearekin batera. Euskal Herriko emakume afrikarren migrazioaren testuingurua zein den aztertzen du, baita hona egokitzeko dituzten bizipenak eta balorazioak aipatu ere. Rolanderen arabera, emakume afrikarrak bizi-baliabide jakin batzuekin iristen dira Euskal Herrira: pentsamoldeak, harremanak egiteko modua, jendartean kokatzeko modua... Iristen direnean izateko eta egiteko modu berriak bereganatzen dituzte. Ingurukoen diskurtsoak, praktikak eta errepresentazioak ere aztertzen ditu Rolandek bere tesian, horiek guztiek emakume horien autonomia prozesuan zerbaiteraino baldintzatzen duten baloratzeko. Horrez gain, emakume afrikar migratzaileen ahalduntzea indartzen eta oztopatzen duten faktoreak aztertzen ditu. Ikerlari eta ekintzaile feministak ateratako ondorioen berri emango du Rolandek Emakumeen Txokoan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide