Jonathan Terron eta haren ikasleak Azpeitiko UKF gimnasioan. (J.T)
IX. Espainiako Jiu-jitsu Txapelketa jokatuko dute Asier Nuñez eta Aritz Zubeldia azkoitiarrek, Aitor Arrieta eta Aimar Zubizarreta azpeitiarrek eta Azpeitiko bizilaguna den Jonathan Terron urretsuarrak, zapatuan, hilak 24. Guadalajaran (Gaztela-Mantxa, Espainia) dute hitzordua Azkoitiko eta Azpeitiko kirolariek, eta "gogor" entrenatu dute sariketara ahalik eta sasoi onenean iristeko.
Maila ezberdinetan jokatuko dute txapelketa. Nuñezek jubenil mailan jokatuko du txapelketa. Zubizarreta pisu ertaineko helduen mailan lehiatuko da. Arrieta eta Zubeldia, aldiz, pisu ertain-astuneko helduen mailan. Terron jiu-jitsuko
Europako txapelduna da iazko urriaz geroztik, eta, horrenbestez, goragoko maila batean jokatuko du txapelketa; Master 2 mailako pisu astun-ertaineko helduen kategorian, hain zuzen. Maila bakoitzean 25 bat lagunek neurtuko dituzte indarrak.
Txapelketa 10:00etan hasiko da, eta zuzenean emango dute
honako lotura honetan. Terronek Uztarriari adierazi dionez, "asko" etrenatu dute, eta "oso gogor" aritu dira lanean "Guadalajaran ahalik eta emaitza onenak lortzeko".
Jiu-jitsua Japonian sortutako kirola da, defentsa pertsonalerako erabili izan dena. Gero eta gazte gehiago dira kirol horren inguruan interesa agertu dutenak. Arrietak, Zubizarretak, Nuñezek eta Zubeldiak Terronek Azpeitian duen UFK gimnasioan entrenatzen dute, jiu-jitsuko Europako txapeldunaren gidaritzapean. Haiekin batera aritzen dira Azpeitiko eta Azkoitiko zenbait lagun.