Pentsio politika salatzeko gutun bilketa egiten ari dira Azpeitiko Jubilatuen Plataformak deituta

Urola Kostako Hitza 2018ko otsailaren 22a

Azpeitiko udaletxeko arkupetan jarri dute gutunak jasotzeko mahaia. (Maialen Etxaniz) Azpeitiko Jubilatuen Plataformak deituta, pentsio duinak aldarrikatzeko eta Espainiako Gobernuaren pentsio politikak salatzeko gutun bilketa egiten ari dira gaur, osteguna, plazan. Pentsioen igoeraren berri emanez etxean jaso dituzten gutunak biltzea da jubilatuen plataformako kideen xedea, ondoren protesta gisan Espainiako Gobernuari bueltatzeko. Aste honetan jubilatuak mobilizatu diren bigarren aldia da gaurkoa. Izan ere, gutun bilketaren aurretik elkarretaratze jendetsua egin zuten joan den asteartean, hilak 20, %0,25eko igoerari ez, KPIari bai lelopean. Espainiako Gobernuak aurtengorako onartu duen pentsioen "igoera lotsagarria" salatzea baino haratago doa pentsiodunen kexa. Espainiako Gobernutik krisi ekonomikoa amaitzen ari dela badiote ere, "jubilatuei murrizketak egiten jarraitzen" dutela salatu zuten astearteko kontzentrazioan. "Pentsioen krisia ez dugu guk sortu, pentsioen diru-kutxari beste erabilera batzuk eman dizkion gobernuak baizik", nabarmendu zuten asteartean egindako elkarretaratzean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide