Ibaiak oso hazita daude Azpeitiko Madalena auzoan. (Maialen Etxaniz)
Azken egunotan euriak ez du etenik izan, eta ibaiak gero eta handiago datoz. Azpeitian Madalena auzoko Ospitale Zaharraren inguruan dago urak gainezka egiteko arriskurik handiena, eta Azpeitiko Udala egoera zaintzen ari da. Dena den, udalak ez du ikusten uholde arriskurik. Egoera antzekoa da Aizarnazabalen. Han, Etxabe auzoan hazten dira ibaiak gehien, baina udaletik jakinarazi dutenez, oraingoz metro erdi inguru falta da urak gainezka egiteko. Hala egingo balu, beharrezkoak diren neurriak hartuko dituzte.
Euskalmet Euskal Metereologia Agentziaren iragarpenaren arabera, arratsaldetik aurrera aterruneak espero dira, baina momentuz euria egiten jarraituko du, noizbehinka bada ere. Egoeraren aurrean, Azpeitiko eta Aizarnazabalgo udalek gertutik jarraituko dute ibaien egoera, eta beharko balitz neurri gehiago hartuko dituztela jakinarazi dute.