Inauteri festen "balorazio gazi-gozoa" egin du Azpeitiko Haujijijai festa batzordeak

Urola Kostako Hitza 2018ko otsailaren 18a

Elegante Eguneko luntxa eta puru piztea berreskuratzea modu positiboan baloratu arren, ekitaldi horretan aldarrikatzen dituzten "harremanak transmititzerik eta jasotzerik lortu ez" izanak "hausnartzeko beharra sortzen" diela diote.

Ospatu berri diren Inauteri festen balorazioa eta irakurketa zabaldu ditu gaur Azpeitiko Haujijijai festa batzorde herrikoiak. Argi-ilunak nabaritu ditu Haujijijaik eta, horrela, karnabalen "balorazio gazi-gozoa" egin dute. Iaz ez bezala, Elegante Egunean luntxa eta puru piztea berreskuratu dituzte aurten, eta hori modu positiboan baloratu dute, "urte osoko festetan gure presentzia bermatze aldera". Ekitaldi horri lotuta dator, era berean, balorazioaren alde gazia. "Aitortu behar dugu ez dugula ekintza horretan guk aldarrikatzen eta gure egiten ditugun harremanak transmititzerik eta jasotzerik lortu; eta horrek hausnartzeko beharra sortzen digu", dio Haujijijaik irakurketan. "Kritiko" ageri da festa batzordea Elegante Eguneko beren ekitaldia antolatzeko aukeratutako espazioarekin. Erdikale barrenean egin zuten, arratsaldeko sokamuturra hasi baino lehenxeago, "zezen giroan sortzen den giroarekin. Ekintzaren ondorengo balorazioan azpimarratu beharrekoa iruditu zaigu espazio horretan sortzen den giroaren bazterkeria; estereotipo sozialetan oinarritutako giro harro horrek bere horretan biolentotik ere baduela uste dugu. Helburua ez da erantzuleak izendatzea, uste baitugu giro horrek gizarteak berariaz oinarrizkoak dituen jarrerak azaleratzen dituela. Baina aitortu behar dugu, horri aurre egin beharrean, puru piztearekin giro horixe elikatzen ikusi dugula gure burua ere". Giro orokor horren "muturrean" aipatu ditu Haujijijaik sokamuturraren irteeran ikusitako zenbait jarrera, zehaztu gabe: "Batetik, jarrera horiek salatu nahi ditugu; eta bestetik, ozen esan guk festa herrikoien alde dugun konpromisoan ez dugula horrelako jarrerarik onartuko. Horregatik, eragile bezala erantzukizunez hartzen dugu gertatutakoa, eta gure barnean luntxaz eta puru pizteaz eta orokorrean festetako espazio guztiez hausnartzeko konpromisoa". Hausnartzera gonbidatu dituzte herritarrak ere, eta datorren urteari begira inauterietan duten presentziari dagokionez "neurriak hartuko" dituztela diote Haujijijaikoek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide