Herritarrak Bertsio Gauean parte hartzera animatu nahi ditu Azpeitiko Gaztetxeak

Urola Kostako Hitza 2018ko otsailaren 15a

Herritarrei beren sormena taularatzeko deia egin diete Hasi instrumentuak desafinatzen lelopean. Bertsio Gaua antolatzeko aurreneko batzarra hilaren 26an egingo dute.

2018ko Bertsio Gauera animatzeko egin duten kartela. (Azpeitiko Gaztetxie) Azpeitiko Gaztetxea hasi da urtero antolatzen duen Bertsio Gauaren prestaketa lanekin. Dagoeneko jakinarazi dute data: martxoaren 10a, zapatua, eta herritarrak bertan parte hartzera animatu nahi ditu. Bertsio Gaua urrun dago oraindik, baina dagoeneko jarri dute Gaztetxeko oholtzara igo nahi duten lagunekin aurreneko bilera egiteko hitzordua. Otsailaren 26an, astelehena, egingo dute batzarra Gaztetxean, 21:00etan hasita. Bertan hizpide izango dituzte, besteak beste, antolakuntzari lotutako zenbait kontu eta emanaldiaren inguruko xehetasunak. Musika taldeen bertsioak egitera animatu nahi duten lagunek ezinbestean agertu beharko dute batzarrera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide