Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Plaza Txikian hasiko da omenaldia, 11:00etan; 11:30ean jarraituko du, Erdikalean, eta eguerdiko sokamuturraren ondoren, herrigunean, artzai-inudeen kalejiran.
Sokamuturraren 500. urteurreneko ospakizunek hitzordu garrantzitsua izango dute igandean Azpeitian. Karnabal festak dira sokamuturzaleen urteko egunik kuttunenak, hiru egunez jarraian ibiltzen baita sokako zezena kaleetan. Aurten, urteurrena dela eta, are bereziagoa izatea nahi izan dute Azpeitiko Sokamuturra 500 herri batzordeko kideek. Horrela, besteak beste, lehengo eta gaurko sokamutilak eta ganaduzaleak omenduko dituzte Jai Karnabalean. "Sokamuturrean ezinbesteko protagonistak dira ganaduzaleak eta sokamutilak, sakrifizio handia egiten dute ohitura honek segi dezan. Ondorioz, aitortza publiko bat merezi dute, eta horregatik jasoko dute Jai Karnabalean omenaldia", azaldu dute herri batzordekoek.
Plaza Txikian hasiko da omenaldia, 11:00etan; 11:30ean jarraituko du, Erdikalean, eta eguerdiko sokamuturraren ondoren, herrigunean, artzai-inudeen kalejiran. Hau da prestatu duten omenaldiaren egitaraua:
10:30. Lehengo eta gaurko sokamutilek eta ganaduzaleek mokadu bat egingo dute, Zaharretan (Baigera I).
11:00. Omenaldiaren hasiera, Plaza Txikian: bertsoak, 500. urteurreneko ospakizuneko zapiak omenduei, argazki orokorra eta Udal Musika Banda. Herritarrei azaltzeko dei egin diete antolatzaileek.
11:30. Omenduak Erdikalean behetik goraino jarriko dira, sokekin, musika bandaren laguntzarekin. 11:50 arte.
12:00. Helduen sokamuturra.
12:30-13:30. Omenduek artzain-iñudeen kalejiran parte hartuko dute, sokamuturrari buruzko karrozaren ondoan. Plazan egingo diete harrera.
Igandekoa girotzeko, sokamutilen eta sokamutil izandakoen eta ganaduzaleen pasadizoak eta adierazpenak jasotzen dituzten bideoak sarera igo dituzte azken egunotan. Horietako bi dira hauek:
https://youtu.be/AtXsPEy9L8w
https://youtu.be/tT7cUSTCSvc