Joxe Mari Zelaia, Garazi zuzendari txikiaren batera, 2015eko Azpeitiko Jai Karnabaleko kalejiran, Erdikalean. (Mailo Oiarzabal)
Dantzaria da Joxe Mari Zelaia
Xelaia (Azpeitia, 1937), goitik behera. Gaztetan, soldaduskara joan aurreko urteetan, kuadrillako lagunekin batera dantza taldea osatu zuen, Oargi izenarekin aurrena, eta Loiolarekin gero. "1956an egin genuen lehen emanaldia, Loiolan", gogoratzen du. Dantza sueltoa eta euskal dantzak, oro har, ederki asko menderatu zituen gazte denboran. Madalenako Pedrotxorekin edota Donostiatik Azpeitiko dantzari gazteak trebatzera etortzen ziren irakasleekin ikasitakoa da Zelaia. Baina senez da dantzaria. Senak, berezkoak, irauteko joera izaten du, eta Zelaia da horren adibide. 80 urterekin, igande honetan ere Itsasi dantza taldekoen artzain-inudeen konpartsako danbor-jotzaileak zuzentzen ibiliko da kalez kale. Zuzentzen eta dantzan, dantzan eta zuzentzen, festaren ikur bihurtu den estiloarekin.
1983an irten ziren lehen aldiz danbor-jotzaileak artzain-inudeen Jai Karnabal eguerdiko kalejiran, eta Zelaia izan zen talde haren zuzendaria. Mikel Larrañaga Enbortxo lagunak eta dantzari kide ohiak eskatuta hasi zen ateratzen Zelaia danbor-jotzaileekin. Gure Ametsa soziedadeko "lau-bost bat lagun" animatu ziren lehen urte hartan danbor-jotzaileen taldean irtetera; hasieran, Zelaiak ez zuen espero zuzendari postua berea izango zenik; izan ere, sansebastianetako danborradan "urtero" irteten bada ere, inoiz ez da zuzendari lanetan aritu. Baina Larrañagak espreski eskatuta, artzain-inudeetako taldea zuzentzen hasi zen, 45 urterekin. Lehen aldi hartan lauzpabost urtez atera zen Jai Karnabal eguerdiko kalejiran. "Baina emaztea beti bakarrik uzten nuen karnabaletan; irteten nuen, gero igual bazkaltzera joaten ginen norabaitera... eta laga egin nion".
Danbor-jotzaileen taldeak berak ere ez zituen urte asko egin lehen aldi hartan. 2006an berreskuratu zuten Itsasik eta udaleko Festa Batzordeak, eta harrezkero bai, urtero irten izan dira danbor-jotzaileak artzain-inudeekin.
Zelaiak, ordea, 2014a arte ez zuen ‘berreskuratu’ zuzendari postua. 76 urterekin, lehen aldiz irten zuenetik 31 urtera, bat eta bi baino gehiago aho zabalik utzi zituen egun hartan, danborrada zuzentzearekin bat egiten zituen dantzak eta jauziak ikusita.
Konpasa galdu gabe
Jotzen dituzten piezak "denak ezagunak" ditu, "eta danbor-jotzaileek, zer esanik ez, lehenagotik dabiltza eta". Hori dela eta, artzain-inudeen konpartsako bere eginkizuna "zaila ez" dela dio Zelaiak. Kalejiran hiru pieza jotzen dituzte: "Lehenengoa, abiatzen garenean,
Hau dek hau. Gero, Erdikaletik gora,
Gau Ibillera; niri hori gustatzen zait gehiena. Horrekin ailegatzen gara, uste dut, Artzubia gaineraino. Eta gero, artzain-inudeen konpartsako pieza joaz joaten gara San Martin egoitza pareraino. Handik bueltako bidean, berriz ere
Gau Ibillera plazaraino". Eta bide osoan, "atsedena hartzeko" behar dituen tartetxoak kenduta, irribarrea ezpainetan eta hankak arin baino arinago astinduz dantza batean ibiltzen da danbor-jotzaileen zuzendaria. Artzain-inudeen plazako emanaldiaren garaian bakarrik egiten du etena, "eta desiatzen egoten naiz handik irteteko, berriz dantzan hasteko!", dio, barrezka.
Egunean bertan kalera irtendakoan "momentuan ateratzen" zaiona egiten duela dio Zelaiak, nahiz eta aurretik prestatu, prestatzen den, koreografia eta guzti. "Etxeko pasilloan buelta asko ematen ditut, eta sukaldean ere aritzen naiz", aitortzen du. Inoiz, eguna gerturatzen ari den heinean, ohera joandakoan ere piezak eta dantzak burutik kendu ezinda ibiltzen dela dio.
Dantzatzearekin, ordea, ez zaio ahazten Jai Karnabaleko eginkizun nagusi duena: danbor taldea zuzentzea. "Konpasa ez dut galtzen. Dantzan ari banaiz ere, ez zait ahazten dagokidan momentuan buelta hartu eta taldeari erritmoa markatzea. Baina dantzan egiten dut ahal dudan guztia; ia ito beharrean ibiltzen naiz", kontatu du, barre txikiarekin.
Karnabaletan, herriko beste festa egun askotan bezala, "etxea apopiloz betetzen" zaio Zelaiari, seme-alabekin, bilobekin eta ilobekin; sokamuturra Artzubia pareko zatian ikusteko balkoi aproposak ditu, gainera, eta erraz betetzen zaizkio. Garai batean, Astelehen Karnabalean mozorrotuta irteteko ohitura ere bazuen, etxekoekin eta lagunekin,"«sariak ere irabazitakoak gara". Orain, Jai Karnabaleko kalejira bihurtu zaio hitzordu bereziena.
Ibilketan ere bai
Aurtengorako ere dena prest dauka, ohi baino kezka eta zalantza gehiagorekin ibili den arren. "Kristo eginda" egon dela kontatu du: "Gripea pasatu badut, ez naiz enteratu, baina indarrik gabe egon naiz hezurretan, hanketan, eta...". Oraindik ere guztiz bere onera etorri gabe dagoela sentitzen du, baina bere gogoekin eta ingurukoen animoekin, zalantzak uxatu eta igandeko festan parte hartzeko prest dago. Erdi txantxetan dio danbor-jotzaileek "xantaia" egin diotela, batez ere emakumeek. "Hala esan zidaten aurreneko entseguan, azkenera arte ez nuela erabakiko eta, agian, utzi ere egingo nuela esan nienean: 'Laga? Ez daukazu lagatzerik! Zuk irteten ez baduzu, guk ez dugu irtengo!'". Zuzendari 'kontratua' urtez urte luzatzen diote, izan ere, Zelaiari. "80 urte ditut jada, eta...", arrazoitu du berak. Baina 2019rako gonbidapena ere egin dio jada Mikel Ibarzabal udaleko Festa batzordeburuak.
Neguko pattalaldiarekin pixka bat alde batera utzi duena ibilketa atletikoa da, kirolerako ere arinak baititu hankak azpeitiarrak. Bere kasa hasi zen espezialitate hori lantzen, bere adintsuko atletek egiten zituzten markak ikusita animatuta. 80 urterekin, federatuta dago Zelaia, eta Donostiako Anoetako mini-estadiora joaten da saioak egitera, hango entrenatzaile baten aginduetara teknika hobetzeko. "Ustez" ongi ibiltzen baitzen, baina iaz Portugaleten (Bizkaia) parte hartu zuen lehen aldiz proba batean "eta bi kilometro eta erdi egiterako kanporatu ninduten epaileek". Ari da hobetzen, ordea.