Landaola Sariak jaso dituztenen taldeko argazkia. (Irekia)
Azkoitiko Hazitik kooperatiba elkarteko kideak sariarekin itzuli dira gaur Zaldibiatik (Gipuzkoa). Hango Goizane eraikinean egin du Gipuzkoako landa garapenerako elkarteen federazioak, Landaolak, bere izena daramaten sariak banatzeko ekitaldia. Landa garapenaren eremuko proiektuei errekonozimendua egitea dute xede aurten lehen aldiz eman dituzten sariok, eta hiru arlotan sari bana eman du Landaolak: erakunde publiko batek sustatutako proiektuaren saria, erakunde pribatu batek sustatutakoarena, eta erakunde baten urteetako ibilbideari dagokiona.
Hazitik kooperatibak erakunde pribatuen arloko Landaola saria jaso du, martxan dituen bi proiekturen errekonozimendu gisara: Bizilore eskola aktiboa eta Abaraxka aterpetxea. 2015ean eratu zuten Hazitik, eta Azkoitiko Kukuerrin kokatzen dira sarituak izan diren bi proiektuak.
Hamar hautagai
Guztira,
hamar ziren Landaola Sariak jasotzeko hautagaiak, sei erakunde publikoen arloko saria jasotzeko, eta lau arlo pribatuko erakundeen sarirako. Hazitikekin batera zegoen erakunde pribatuen proiektuen zerrendan saltokia Añorgan (Donostia) duen Lurrarte elkartea, eta elkarte horren sortzaile eta kideetako bat da Azkoitiko Santakutz baserriko Inaxio Artola.
Erakunde publikoei eskainitako sarirako hautagaien artean zegoen, berriz, Azpeitiko Udala, Azoka Plazarekin; baina Tolosako Udalak jaso du arlo horri zegokion sari bakarra. Ibilbidearen sariak, berriz, Antton Dorronsororentzat eta German Muruamendiarazentzat izan dira.