ARGAZKI BILDUMA: Mikel Linazisoro, Adrian Donnay eta June Lahidalga nagusitu dira Azpeitiko X. Boulder Txapelketa Herrikoian

Urola Kostako Hitza 2018ko urtarrilaren 28a

Azken hamar urteotan hutsik egin ez duen zita izan zen atzo Gaztetxean: Euskal Presoak Euskal Harrietara boulder txapelketa. Gaztetxeak eta Sokaitz eskalada taldeak antolatutako lehian, dozenaka lagunek parte hartu zuten eta beste dozenaka lagun izan ziren txapelketa ikusten. Zailtasunaren araberako hiru maila ezarri zituzten antolatzaileek lehiarako, eta goizean, 11:00etan hasita, Herrikoiak A mailakoek jokatu zuten txapelketa. Eguerdirako bukatu zuten lehia, eta June Lahidalga nagusitu zen maila horretan. Bigarren Aimar Usonek egin zuen eta hirugarren Haitz Gisasolak. Eguerdiko 14:00etan hasi zen Herrikoiak B mailakoen txapelketa, eta Adrian Donnay nagusitu zen maila horretan. Bigarren sailkatu zen Iñigo Agirre, eta Iñaki Velasco hirugarren. Haien ostean Satelite mailakoen (maila gogorrena) txanda izan zen, eta Mikel Linazisoro izan zen garailea. Bigarren, berriz, Mikel Odriozolak egin zuen, eta Eneko Cantero azpeitiarrak hirugarren. Parte-hartzaile guztiek 10 euro ordaindu zuten atzoko izen-ematea, eta trukean X. Boulder Txapelketa Herrikoiko kamiseta bana eskuratu zuten. Hona hemen, atzoko txapelketako argazki bilduma:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide