"Azpeitia Cup nazioarteko txapelketa bihurtu da", iragarri dute ekainean jokatuko den kimu mutilen futbol txapelketaren antolatzaileek. Izan ere, Espainiako estatutik kanpoko bi talde lehiatuko diira lehen aldiz txapelketaren 2018ko edizioan: Alemaniako Tus Makkabi Frankfurt eta Japoniako Yokohama F. Marinos. Gainera, inoiz baino talde gehiagok parte hartuko dute txapelketan: 40 izango dira guztira, iaz baino bost gehiago.
Aurtengo berrikuntza nagusia izango diren Alemaniako eta Japoniako taldeez gain, urtero bezala, Espainiako Lehen Mailan jokatzen duten futbol talde gehienen harrobiak ordezkatuta egongo dira Azpeitian: Bartzelona, Atletico Madril, Valentzia, Real Madril, Vila-real, Eibar, Getafe, Girona, Celta, Athletic, Alaves, Deportivo eta Malaga. Bigarren Mailan ari diren Osasuna eta Rayo Vallecanoren kimuak ere lehiatuko dira Azpeitia Cup-en.
2017ko abenduan jokatutako sailkapen fasean ekainerako sailkatzea lortu zuten lau taldeak (Antiguoko, Bansander, Comillas eta Lasartearrak), eta etxeko Lagun Onak eta Anaitasuna ere badaude, nola ez, Azpeitia Cupen zerrendan, beste talde hauekin batera: Azpeitiko Lagun Onak eta Azkoitiko Anaitasuna futbol taldeak ere, noski, gure artean izango ditugu. Eta talde guzti horiekin batera, beste talde hauen parte-hartzearekin ere benetan gustura gaude: CD Canillas (Madril), Circulo Mercantil de Sabadell (Bartzelona), Gazte Berriak (Nafarroa), Gimnastic Manresa (Bartzelona), RS Gimnastica Torrelavega (Kantabria), CD Primer Toque (Castello), Promesas Elche CF (Alacant), EDF San Jose (Valentzia), EMF Seseña (Toledo), UFB Unio de Jabac i Terrassa (Bartzelona), CD Vasconia (Bizkaia) eta CD Villagarcia de Arousa (Pontevedra).
"Guzti honekin, ziur gaude txapelketak urtero erakusten duen maila handia erakutsiko duela, eta gure herrira gerturatzen den jendeak, giro ederrean partida ederrez gozatzeko aukera izateaz gain, gure herria eta bailara ezagutzeko aukera aparta izango duela", diote antolatzaileek.