Zapatuko ekitaldi nagusia prestatzen ari dira Azpeitiko sokamuturzaleak

Urola Kostako Hitza 2018ko urtarrilaren 25a

Soreasu antzokian egingo dute, 18:30ean hasita. Besteak beste, Xanti Rodriguezek zuzendutako 'Irteera' film laburra aurkeztuko dute bertan.

https://youtu.be/vzrGHBvO3XI Etzi egingo dute sokamuturraren 500. urteurreneko ospakizunen barruko ekitaldi nagusia, eta Azpeitiko sokamuturrak 500 urte (1518-2018) herri batzordeko kideak buru-belarri ari dira prestaketa lanetan. Soreasu antzokian jarri dute zapaturako hitzordua, 18:30ean. Eta Soreasun bertan elkartu ziren atzo ekitaldi horretan parte hartuko duten lagunak, entsegu nagusia egiteko eta Xanti Rodriguezek zuzendutako Irteera film laburraren aurrestreinaldiaz gozatzeko (goiko bideokoa da filmaren trailerra). Jai karnabaleko arratsaldeko zezenaren irteera aurreko momentuak jasotzen dituen 24 minutuko filma egin du Rodriguezek, eta horren aurkezpenarekin bukatuko da zapatu arratsaldeko ekitaldia. Andoni Etxeberria sokamutila, Onintza Urbieta sokamuturzalea, Iñigo Almorza ganaduzalea, Aner Rodriguez ume sokamuturzalea eta haren amama Maria Luisa Zendoia sokamuturzalea, eta Hilari Irastorza jostuna dira Irteeraren protagonistak, iazko Elegante eguneko arratsaldeko zezenaren irteeraren bueltan elkartu ziren dozenaka eta dozenaka lagunekin batera, orduan hartutakoak baitira filmeko irudi asko. Atzo Soreasun elkartutakoek atera zuten argazkia, entseguaren aurretik. (Mailo Oiarzabal) Irteerarekin bukatuko da, horrenbestez, zapatuko hitzordua. Aurretik, besteak beste, filmean parte hartu duten protagonista gehienak eta beste zenbait herritarrek bost minutuko antzezpen txiki bat egingo dute Soreasuko oholtzan. Sarrera doan izango da zapatuan, baina zenbakiak banatuko dituzte sarreran, Soreasuk har dezakeen gehienezko jende kopurua osatu arte; 18:00etan irekiko dituzte ateak. Filma salgai Irteera filma salgai jarriko dute larunbatean bertan Soreasun, ekitaldiaren ondoren ospatuko duten herri afarian, eta Juantxo Txiki eta Eguzkitza tabernetan. USB bat eta DVD bat izango ditu ale bakoitzak, 500 atera dituzte guztira, eta 5 eurotan salduko dute.   Biharko UROLA KOSTAKO HITZAn irakurgai izango da Xanti Rodriguezi eginiko elkarrizketa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide