Azpeitiko Azoka Plaza eta Azkoitiko Bizilore eskola eta Abaraxka aterpetxea, Landaola sarietako hautagaien artean

Urola Kostako Hitza 2018ko urtarrilaren 24a

Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteen Federazioak otsailaren 1ean banatuko ditu lehen aldiz eman behar dituen sariak. Inaxio Artola azkoitiarra tarteko den Lurrarte elkartea ere badago hautagaien zerrendan.

Landaolak, Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteen Federazioak, I. Landaola Sariak emango ditu aurten, "landa garapen proiektuei errekonozimendua egin asmoz". Otsailaren 1ean egingo dute sari banaketa ekitaldia Zaldibiako Goizane eraikinean, eta 2017an abian izan diren hiru proiektu sarituko dituzte: erakunde publiko baten proiekturik onena, erakunde pribatu baten proiekturik onena, eta pertsona edo erakunde baten urteetako ibilbidea. Sari banaketan bertan jakinaraziko dute saridunak zeintzuk diren, baina aurreratu dituzte dagoeneko hautagaiak. Hamar proiektu dira guztira: horietako bi eskualdekoak dira, eta beste batean eskualdeko lagun bat dago tartean. Azpeitiko Udalaren Azoka Plazaren proiektua eta Azkoitiko Hazitik kooperatiba elkartearen Bizilore eskola aktiboaren eta Abaraxka aterpetxearen proiektuak dira saria jasotzeko hautagaien artean dauden Urola Kosta eskualdeko biak; saltokia Añorgan duen Lurrarte elkartea ere badago hautagaien zerrendan, eta elkarte horren sortzaile eta kideetako bat da Azkoitiko Santakutz baserriko Inaxio Artola. Azpeitiko Azoka Plaza erakunde publikoen proiektuen sarirako hautagaia da; Oiartzungo, Leintz-Gatzagako eta Tolosako udalen, Itziarko auzo-udalaren eta Urola Garaiko Garapenerako Agentziaren proiektu banarekin lehiatuko da Azpeitiko Udala sariketaren atal horretan. Bizilore eskolak eta Abaraxka aterpetxeak, Lurrarte elkarteak bezala, Elay enpresa eta Goierriko Nekazal Kooperatiba izango dituzte lehiakide. Behemendi, Deba-Garaia, Debemen, Goimen, Tolomendi eta Urkome dira Landaola federazioa osatzen duten landa garapenerako elkarteak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide