HARA! Alex Txikonek gogoan izan ditu 2001ean Pumorin hildako mendizaleak

Urola Kostako Hitza 2018ko urt. 22a, 14:38

Joan zen ostiralean sare sozialetan mezu bat jarri zuen Alex Txikonek, Pumori mendira iritsi zela adieraztearekin batera. Hain zuzen ere, mendigoizaleak gogoan izan zituen 2001ean Pumoriko espedizioan hil ziren bost mendizaleak. Haiek espedizio hartara eraman zuten elastikoarekin ageri zen Txikon argazkian.

Alex Txikon Pumorin, 2001eko espedizioko kamisetarekin. Joan zen ostiralean jakinarazi zuen sare sozialetan Alex Txikon mendigoizaleak Pumoriko gailurrera (7.161 metro, Nepal) iritsi zela. Gailurrera iritsi berritan, 2001ean Pumorira espedizioa egin zuten hamar euskal herritarrekin oroitu zen lemoarra. Izan ere, 2001eko urriaren 17an hamar mendigoizale haietatik bost hil egin ziren Pumoriko gailurrera bidean –tartean, Beñat Arrue azpeitiarra eta Iñaki Aiertza aizarnazabaldarra–, eta mendizale haiek espediziora eraman zuten elastikoa soinean zuela ageri zen argazkia jarri zuen Txikonek sare sozialetan. Honako mezu hau jarri zuen Txikonek bere sare sozialetan: "2001. urtean 10 euskaldun gazte gogo eta ilusioz gainezka etorri ziren Pumori mendia igotzeko asmoarekin, tamalez, horietako 5 hemen gelditu dira betirako. Lagun batek espedizio honetako kamiseta eman zidan eta jantzi egingo dut, ziur bainago babestuko nauela. Nere omenaldi apala. Besarkada bat".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide