San Sebastian eguna
Danbor hotsekin esnatuko da San Sebastian eguna ere. Gure Ametsa eta Ardozaleak taldeek Aldalurren Dianaren doinuekin esnatuko dituzte lo hartu zaharrak izango ez diren Alde Zaharreko kaleak, Musika Bandarekin, txistulariekin eta musika eskolako txilibitu-jotzaileekin batera; gero, prozesioan ere joko dute, eta parrokia barruan ere bai, meza aurretik. Baina eguneko danborrada handiena umeena izango da. 12:30ean hasiko da eta helduek bezperan egindako ibilbide beretsua osatuko du, baina parrokian gelditu gabe. 600 bat haurrek parte hartuko dute, hamar taldetan banatuta. Karmelo Etxegaraiko Napoleoi urdinak, Juan Antxieta Musika Eskola, Itsasi, Iraurgiko ezpatadunak, Ikasberriko sukaldariak, Karmelo Etxegaraiko Napoleoi gorriak, Iraurgiko Zumalakarregi, Karmelo Etxegaraiko Bizkainoen Tertzioa, Ikasberriko soldaduak eta Iraurgiko mikeleteak hurrenkera horretan ibiliko dira desfilean. Danborrada irekiko duten Gastadoreak eta itxiko duen karrozan joango diren umeak Karmelo Etxegaraiko ikasleak izango dira aurten. Karrozak, berriz, aurten ospatzen den Azpeitiko sokamuturraren 500. urteurrena omenduko du. Irudian, taldeek plazan izango duten kokapena: Sokamuturra izango da, hain zuzen ere, eguneko beste hitzorduetako bat. 12:00etan, orduerdiz aterako dute zezena, plazaraino; eta 16:30ean hasiko da urteko lehen sokamutur luzea. Azken danbor hotsak, urtero bezala, San Sebastian gauean iritsiko dira. Aurten talde guztiek jaso dute banderaren jaitsieran parte hartzeko gonbidapena eta, azkenean, hamabi izango dira 23:15ean hasita egingo den danborradan ariko direnak. Igandean, zezenak Asteburua borobiltzeko, igandera arte luzatu dute festa egitaraua. Eta igandean, zezenak izango dira nagusi: eguerdian, zezen txikiak eta poniak izango dira umeentzat; eta 16:30ean, helduentzako sokamuturra. Ikastetxeetako danborradak Festa egitaraua hasi aurretik, ikastetxeetan egingo dituzte gaur aurreneko danborradak. Hauek dira Azpeitiko Ikastola Ikasberrin, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain eta Iraurgi Ikastetxean prestatu dituztenak: - Azpeitiko Ikastola Ikasberrin: 16:00etan danborrada egingo dute ikasleek, ikastolan bertan. - Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain: HH 2ko haurrek 11:45ean danborrada egingo dute, Euskal Herria kaleko eraikinean; HH 3 ,4 eta 5ekoek, 15:30ean, Euskal Herria kaleko eraikineko kanpoko jolastokian egingo dute; eta, LHkoek, 16:00etan, Perdillegiko eraikineko jolastokian. - Iraurgi ikastetxea: 15:30ean, San Martin egoitzan joko dute danborra. Ondoren, 15:50ean, Olazko Andre Mariaren plazatik hasita kalean joko dute Iraurgiko ikasleek: herriko plazatik Parrokiara eta handik gora, berriz, Olazko Andre Mariaren plazara joango dira. Eguraldi txarra egiten badu, HHko eta LH 1eko eta LH2ko ikasleek ikastetxearen Artzubiako eraikinean joko dute eta LH3tik DBHra bitartekoek Etxe Alaiko eraikinean. Hiru zuzendari berri Maite Bikendi (Izarraitz Txoko), Mikel Agirre (Mendizaleak) eta Ekain Garate (Landeta Egizale) zuzendari lanetan estreinatuko dira San Sebastian bezperako danborradan. Lehen entseguko bideo honetan azaldu zituzten beren sentsazioak.