Ilunpe Pilota Elkarteko kirolariak, Frontoi Txikian.
Ilunpe Pilota Elkarteak urtarrilaren 22ko astean ekingo dio lanari, Gabonetako atsedenaren ostean. Santo Tomas egunean amaitu zuten Patxi Azkargortaren oroimenezko txapelketaren ostean, berriro ere pilota hotsa izango da Frontoi Txikian datorren astetik aurrera. Ilunpe Pilota Elkarteak aurreratu duenez, entrenamenduen ordutegia ez da aldatuko, Gabon aurretik maila bakoitzak zuen ordutegia mantendu egingo baita.
Edozein kasutan, elkarteak adierazi duenez, bada berritasun bat Ilunperen entrenamendu itzulera honetan. Izan ere, babesle berriak izango ditu taldeak kamisetetan: Biele Group eta Aitzaki Kirolak, hain zuzen ere. Horrela, jertseetako babesle diren Korrale taberna eta Arimar egur eta briketa enpresari gehitzen zaizkie bi babesle berriak. Irudian ikus daitezke Ilunpe Elkarteko pilotariak kamiseta berriarekin.