"Gazte alu" haiek 50.era iritsi dira

Mailo Oiarzabal 2018ko urtarrilaren 17a

Ezkerretik eskuinera, Bittor Olaizola, Kontxi Esnal, Klemente Arrue eta Juan Mari Ibarzabal, Arrantzaleen banderekin. (Mailo Oiarzabal) Liburuetan jasota dagoenez, 1959an egin zen Azpeitian helduen aurreneko danborrada. Handik hamar urtera, 1969an, irten zen lehen aldiz San Sebastian bezperako danborrada horretan Arrantzale taldea. Hori ere, liburuei kasu eginda; danborradako hasierako urteetako historia jasotzerakoan sarri gertatu ohi denez, protagonistek beraiek ere ez baitute oso argi urteen eta gertaeren dantza. Izan ere, arrantzalez jantzita bai, baina Oargirekin irteten hasi zirela dute gogoan hasiera hartatik taldeko kide izan diren Juan Mari Ibarzabalek eta Klemente Arruek. Gerora iritsi zen taldera Bittor Olaizola; eta Olaizola zuzendari hasi zen urtean, 1981ean, Kontxi Esnal. Zuzendari lanetan azken urtea izango du Olaizolak; datorren urtean, Iraitz semeak hartuko du aitaren lekukoa. Lauren artean harilkatu dute mende erdiko ibilia, oroitzapenak eta pasarteak bata bestearen atzetik jarrita. Dena dela, etzi, 2018ko San Sebastian bezperan, 50. aldiz hartuko dute parte Arrantzaleek Azpeitiko danborradan, eta horrelakoetan ohi denez, udalaren eta danborradakideen omenaldia jasoko du taldeak gauerdiko bandera igotzearen ondoren. "Plazan ez zegok tokirik" Danborradan irteten diren talde gehienak herriko soziedadeetatik edo bestelako elkarteetatik irteten badira ere, ez da hori Arrantzale taldearen kasua. 1960ko hamarkadaren bukaerako urteetan danbor festan parte hartzeko gogoarekin elkartu ziren kuadrilla ezberdinetako gazteek osatu zuten aurreneko talde hura. "Ez lokalik, ez soziedaderik, ez geneukan ezer, eta irtetea nahi.., Noski, danborradan irtetea denok nahi izaten genuen, baina ordurako mugatuta zegoen; pentsa, 'plazan ez zegok tokirik' esaten ziguten!", dio Ibarzabalek, eta denak hasi dira barrez. Izan ere, plazako espazio eza klasiko bat izan da Azpeitiko danborradan urte askoan; Arrantzaleen hasierako urteetatik, denera bospasei taldek parte hartzen zutenetik, alegia, gaur egungo helduen danborrada osatzen duten 27 taldeetara iritsi arte. Plazako 'arazoa' alde batera utzita, danborradan parte hartu nahi bazuten gainerako festak antolatzen ere lagundu beharko zutela esan zieten, eta horrela egin zuten: Errege kabalkada antolatu zuten urte batean, eta pare bat urtez umeen danborrada; eta horrek ireki zizkien, nonbait, danborradaren ateak. "Gazte gara gazte, eta ez gaude konforme" kantatzen zuen sasoi hartan Lourdes Iriondok, eta esaldi horretatik asko zuten Arrantzale taldean elkartu zirenek ere. Gazte "mugituak" zirela dio Arruek, eta garaiko testuingurua ekarri du gogora: "Imajinatu behar dugu orain dela 50 urteko Azpeitia, eta ez da erraza irudikatzea nola zen garai hartan. Diktadura baten mendean geunden, frankismoan. Atera ginen gazte talde bat mugitua zena, Azpeitia kontserbadore batean. Uste dut gazte talde mugitu hark sortu zuela halako ezinegon bat jende tradizionalaren artean, eta bere gorabeherak ere egon ziren". Ibarzabalek erantsi du "pobreenak ere" bazirela, "gazte alu batzuk. Guk zera edukiko genuen, soziedadea izateko dirurik. Ezer ere ez!". Taldekideen izaeraren islada zen, neurri batean, aukeratu zuten jantzia: mahoizko alkandora eta galtzak –horiek belaun azpiraino tolestuta–, abarketak, txapela eta arrantzale zapia. Oinarrian, elementu berberak ditu gaur egungo jantziak ere, baina badu alderik: galtzak ez dituzte tolesten, abarketen ordez uretarako botak dituzte, eta azken urteetan taldearen bereizgarri bihurtu den euritako horiarekin babesten dira sansebastianetan ohikoa izaten den eguraldi petraletik. Glamourretik urruti, "baina praktikoa bai", Olaizolak dioen bezala, "eta edozeinek egiteko modukoa". Ibarzabal ere bat dator: "Gaur egunean kapitan jeneral gara! Hasi ginenean, pena ematen genuen: abarketekin, alkandora hutsean, gehienetan euria egiten zuen...". Lehendabiziko bandera nola egin zuten ere kontatu du, Titanlux pinturarekin, "Pikuaneko atzeko jangelan". Festarako eta aldarrikapenerako gogorik ez zitzaien falta, ordea. Emakumeak danbor jole Izaera horren adierazle izan zen 1981eko San Sebastian bezperako danborrada. Liburuek urte hartako San Sebastian eguna eta Amnistia taldearen aipamena dakarten arren, bezperan irten ziren Azpeitian lehen aldiz emakumeak danborra jotzen, Arrantzale taldean. Kontxi Esnal, Mila Landa, Andrea Montenegro, Feli Alkorta eta Camino Saiz izan ziren gau hartan danbor-jotzaile irten ziren bost emakumeak; eta emakume horiek izango dira, hain zuzen ere, 50. urteurreneko oroigarria jasotzera udaletxera igoko direnak. "Ezin nuen ulertu hemen zergatik ezin genuen irten emakumeek", kontatu du Esnalek. "Pasaitarra naiz, eta Pasaian hiru danborrada egiten ziren, umeena, gazteena eta helduena; eta denetan irteten ziren emakumeak. Eta hona etorri, eta hauen atzetik beti; afaltzera denak batera, denak oso ondo... eta gero, bazterrera. Amorrazio bat ematen zigun...". Ez zen pauso makala izan, emakumeen parte hartze hura. "Entzun genuen lehenengo hitza, 'eskandalu bila' izan zen", gogoratu du Ibarzabalek. "Pausoa eman zuten eta besteentzat bidea ireki ere bai", gaineratu du Arruek, emakume haiei aitortza eginez. "Eta ez zen hori bakarrik izan. Erabakia izan zen emakumeak danborra jotzen irtetea, eta banderaduna eta kantinerak galtzekin irtetea", erantsi du Esnalek. "Egia da urte haietan Arrantzaleak danborradako ardi beltzak ginela", dio Olaizolak, baina egindako borrokarekin harro: "Orduko udalean jende gehiena kontra zegoen; eta talde batzuk bazeuden, ez zutenak ikusi ere egin nahi emakumeak danborra jotzen irtetea. Hiru-lau urtean ibili ginen borrokan". Mende erdian bai taldea, bai danborrada eta bai Azpeitia asko aldatu direla diote laurek. Etzi, azken urteetan ohi dutenez, Lau Bide jatetxean afalduko dute, danborrak astinduz data seinalatua ospatzen jarraitzeko. Argazki zaharrak

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide