Janari bilketa ari dira egiten gaur Azpeitiko Eroski eta BM supermerkatuetan. (Argazkia: Khamar Saharar Herriaren Aldeko Azpeitiko elkartea)
Bederatzigarren urtez jarraian, Saharako errefuxiatuen kanpamenduetara bidaltzeko janari bilketa egiten ari dira gaur, zapatua, Euskal Herriko hainbat txokotan. Khamar Saharar Herriaren Aldeko Azpeitiko elkartea ere ari da bilketa egiten Azpeitian. Sanjuandegiko eta Juan XXXIII auzoko Eroski supermerkatuetan nahiz BMn izango dira boluntarioak janaria biltzen, 10:00etatik 20:00etara bitartean. Arroza, makarroiak, lekaleak –lentejak, babak, garbantzuak...–, azukrea, latako atuna eta konpresak jasoko dituzte.
Gainera, datorren astean herriko hiru ikastetxeetan ere egingo dute produktu horien bilketa. Bestalde, azken urteetako gisan, ikastetxeetan, Gazte Informazio Bulegoan nahiz Soreasuko Elkargunean motxilak jasoko dituzte ondoren Saharako errefuxiatuen kanpamendu bateko eskolan banatzeko.