Errotaren teilatuaren zati handi bat hondoratu zen asteburuan, errota harria agerian utziz. (Mailo Oiarzabal)
Urrestillako Errota baserri zenaren errotaren teilatua hondatuta agertu zen joan den igande goizean. Lehendik ere nahikoa egoera pattalean zegoen teilatua, eta zati handi bat erori egin zaio orain, barruko errota harria-eta agerian utziz. Bezperan, Errege egunean, elur asko egin zuen, Urrestillako bazterrak ederki zuritu arte; elurte horren ondoren jo zuen behea errota zaharreko teilatu zatiak.
2007tik Azpeitiko Udala da teilatua erori zaion errotaren eta haren ondoko beste bi eraikinen jabea. Urte hartan, Urrestillako Altuna lur eremuan 21 etxebizitza eraikitzeko hirigintza araudiaren aldaketa onartu zuen udalak. Eremu horretan zegoen Errota baserria; kale baserria zen eta Katu-Errota izenarekin ere ezagutzen zen. Hura bota egin zuten etxe berriak egiteko, baina haren errota eta horri lotutako lantegitxoa bertan utzi zituzten, eta etxebizitzak eraikitzearen truke udalari utzi zizkioten lur jabeek.
Proiekturik ez
Errota kultur ondare gisan kontserbatuko eta zaharberrituko zutela adierazi zuten garaiko udal agintariek, baina asmo horiek bere horretan gelditu ziren.
"Balioa izan dezake, baina ondare bezala ez dago inon katalogatuta", argitu zuen atzo Azpeitiko Udalak. "Proiektu zehatzik gabe jaso zuen udalak errota. Bere garaian kalkulu batzuk egin zituzten [buruan zuten proiektua gauzatzeak izango zuen kostuaren gainean], baina bere horretan uztea erabaki zuten".
XX. mendearen azkenaldera arte martxan egon zen Errota baserriko errota. Handik gertu Ibaiederren dagoen Altunako presatik hartutako ura baliatzen zuten Errotakoek argindarra sortzeko, eta zerratokia ere bazuten martxan. Lehenago, berriz, garia eta artoa ehotzeko ere erabiltzen zuten errota.
Zaintzeko konpromisoa
Urrestillako errota nolabait berreskuratzeko proiekturik ez dute aurreikusten, beraz, Azpeitiko Udalean, baina bai agertu dute hura "kontserbatzeko konpromisoa".
Lehenengo urratsa izango da hondatu den teilatua konpontzea. "Ari dira aztertzen erori den puska hori nola konpondu –adierazi zuten atzo–, lanei lehenbailehen ekin ahal izateko". Ondoren, udal jabetzakoa den eraikin multzoaren zaintza eta kontserbazioa modu egokian gauzatzeko zer eta nola egin ere aztertuko dutela adierazi du udalak.
Aurretik, azken aldiz 2011-2012 inguruan egin zituzten kontserbazio lan batzuk errotaren inguruan, eraikinak hesi batekin babestuz, besteak beste.
Altuna Errota kaleko etxebizitza berrien azpialdean daude errotaren eraikinak. (Mailo Oiarzabal)