Lagun Onak mendi bazkunaren taberna,
kontrabandoko tabakoa saltzeagatik hiru hilabetez itxiko dutela-eta elkarteak hainbat zehaztapen egin du. Mendi bazkunak azaldu du elkartea bera dela "atsekaberik handiena" hartu duena albistearekin, eta azaldu du taberna errentan utzita duela eta errentadunena dela haren kudeaketa. Mendi bazkunaren arabera, itxiera "errentadunen axolagabekeriaren errua" da.
Lagun Onakek azaldu du abenduaren 4an jakin zutela guztiaren berri, baina oraindik itxiera data zehaztu gabe zegoela ohartarazi du. Dena den, elkarteak abenduan egindako batzar nagusian eman zien bazkideei gertaeraren berri. Bazkunaren batzordeak jakinarazi duenez, urtarrilaren 2an jakin zuten taberna otsailaren 28an itxiko dela, eta esan du "hartu beharreko neurriak" hartuko dituela errentadunarekin.
Taberna itxiko duten arren, Lagun Onak mendi bazkunak adierazi du 2018ko ekintzak aurrera aterako dituela, eta getaeraren aurrean atsekabea agertu die bazkideei nahiz bezeroei, "guzti honek sor ditzakeen eragozpenengatik".