Sokamuturraren 500. urteurreneko ospakizunak prestatu dituen herri batzordeko kideak, atzoko aurkezpenean. (Mailo Oiarzabal)
Azpeitiari lotutako topikoetako bat da zezenzaletasuna. Topiko gehientsuenek bezala, errealitatearen argazki murriztailea izateko joera du horrek ere. Baina sokako zezena kalean dabilela Azpeitiko erdialdean inoiz tokatu den edonork baiezta dezake zezenarekiko, zezen horrekiko behintzat, zaletasun berezia dagoela herrian. "Gutxienez" 500 urte beteko ditu aurten kaleko zezenak Azpeitian eta osasuntsu mantentzen den usadio horren zaleek mendeurrena handikiro ospatzea erabaki dute. Askotariko hitzorduz betetako egitaraua osatu dute eta atzo aurkeztu zituzten prentsaurrean horren xehetasunak.
"1518koa da aurkitutako idatzizko lehenengo erreferentzia eta Imanol Elias Odriozola historiagileari esker dugu datu horren berri. Hasieran kaleko zezena zen, ustez sokarik gabe; igual izango zuen soka txikiren bat edo lepokoren bat. Sokamutur bezala, 1567koa da jasota dagoen lehen albistea. Guk 1518koa hartu dugu erreferentzia historiko gisa, azken batean, guretzako zezena delako ardatz", zehaztu zuen aurkezpenean Onintza Urbietak, sokamuturraren 500. urteurreneko ospakizuna antolatzeko herri batzordeko kideak. Zezen Beltz Elkarteak, lehengo eta gaurko sokamutilek, Azpeitiko Argazki Elkarteak, Udal Musika Bandak, udalak eta sokamuturzaleek osatzen dute
urrian aurkeztu baina 2017ko maiatzetik lanean ari den batzordea.
"Garaiak garai, azpeitiarrok bost mendez eutsi diogu tradizioari. Sokamuturraren zaletasunak, beraz, sustrai sendoak dauzka Azpeitian. Txikitatik arnasten da, transmisioa dago, kale giroa. Herriko festetako ikur nagusietako bat da", gaineratu zuen Urbietak.
Sokamuturra eta gehiago
Urtarrilean eta otsailean jarri ditu herri batzordeak prestatu duen egitarauaren hitzordu guztiak. "Hartu dugun aldia logikoa da: sansebastianetako garaitik karnabalak artekoa, bi festa horietan izaten baitira herriko sokamuturraren hitzordu nagusiak", azaldu zuen Julen Labaka batzordekideak. Esan zuen urtean zehar ekitaldi gehiago antolatzea ez dutela baztertzen, "baina egitekotan, modu soltean egingo genituzke".
Sokamuturrari propio dagokionez, San Sebastian hurrengo egunean –urtarrilak 21– ez ezik, sansebastianetatik karnabaletarako tarteko bi igandeetan ere –urtarrilak 27 eta otsailak 4– aterako dute zezena aurten, XX. mende hasierako ohitura berreskuratuz. Urtarrilaren 21ean, berriz, lehen zezena Etxe Zurineko garajetik aterako dute, 1980. urtera arte egiten zuten bezala. Eta Jai Karnabalean, eguerdiko sokamuturra hasi aurretik, lehengo eta gaurko sokamutilak eta ganaduzaleak omenduko dituzte, Erdikalean.
Baina zezenik gabeko zezenaren bueltako beste hainbat ekitaldik ere osatzen dute sokamuturraren 500. urteurreneko egitaraua. Argazkiek aparteko pisua dute. Batetik, gaur hasi eta otsailaren 13a arte erakusketa ibiltaria ikusteko aukera izango da Foru Ibilbideko udal aretoan, Sanagustin kulturgunean, eta Juantxo Txiki, Aisialdi eta mendizaleen tabernetan. Bestetik, zapatuan aurkeztuko du Azpeitiko Argazki Elkarteak herrian 1980tik egiten den karnabaletako sokamuturraren argazki lehiaketako irudiekin osatu duen liburua. Xanti Rodriguezek egin duen filma ere aurkeztuko dute, urtarrilaren 27an, Soreasun, sarrera librearekin. Han egingo dute ospakizunaren ekitaldi nagusia, egun berean Loiola hotelean izango den herri afariaren atarikoa. Txartelak salgai daude Eguzkitzan, Juantxo Txikin eta Sanagustinen.
EGITARAUA
Urtarrilak 9, asteartea
Argazki erakusketak. Foru Ibilbideko aretoan (urtarrilak 9-28), Sanagustinen (urtarrilak 12-23), eta Lagun Onak MBn, Juantxo Txikin eta Aisialdin (urtarrilak 12-otsailak 13).
Urtarrilak 13, larunbata
Liburu aurkezpena. Azpeitiko Argazki Elkarteak Sokamuturra Argazki Lehiaketako argazkiekin osatutako liburua aurkeztuko du Sanagustinen, 12:00etan.
Urtarrilak 20, larunbata
San Sebastian eguna.
- 12:00-12:30. Sokamuturra.
- 12:30. Umeen danborradan sokamuturraren karroza.
- 16:30-20:00. Sokamuturra.
Urtarrilak 21, igandea
Sokamuturra. Irteera berezia, Etxe Zurineko garajetik. 16:30-20:00.
Urtarrilak 27, larunbata
- Ospakizuneko ekitaldi nagusia eta sokamuturrari buruzko filmaren aurkezpena. Soreasu antzokian, 18:30ean.
- Herri afaria. Loiola hotelean, 21:00etan.
Urtarrilak 28, igandea
Sokamuturra. 16:30-20:00.
Otsailak 4, igandea
- Kontzertua. Udal Musika Bandak eta Julian Barrenetxea Abesbatzak emango dute inauterietako kontzertua, argazki elkartekoen sokamuturreko irudiekin, Sanagustinen. 13:00etan.
- Sokamuturra. 16:30-20:00.
Otsailak 5, 6, 7 (astelehena, asteartea, asteazkena)
Ikastetxeetan saioak. Herriko hiru ikastetxeetan hitzaldia eta filmaren emanaldia.
Otsailak 11, igandea
Jai Karnabala.
- Lehengo eta gaur egungo sokamutilak eta ganaduzaleak omenduko dituzte. 11:30ean, Erdikalean.
- Sokamuturra. 12:00-12:30.
- Artzai-inudeen kalejiran sokamuturraren karroza aterako dute. 12:30.
- Sokamuturra. 16:30-20:00.
- Otsailaren 11n, 12an eta 13an egingo da aurten Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatutako Sokamuturra Argazki Lehiaketa.
Otsailak 12, astelehena
Astelehen Karnabala.
- Txikientzako sokako zezena Erdikalean, eta zezen txikiak eta poniak plazan. 11:00-12:30.
- Sokamuturra. 16:30-20:00.
Otsailak 13, asteartea
Astearte Karnabala.
- Sokamuturra. 07:00-09:30.
- Sokamuturra. 16:30-20:00.
- Suzko zezena. 20:00. Erdikaletik plazara. Karnabalen eta ospakizunen azken hitzordua.