Elosuan, Urrakin eta Mandubian itxita jarraitzen dute errepideek

Urola Kostako Hitza 2018ko urtarrilaren 7a

Ezustean eta mardul bota zuen atzo elurra Azpeitian eta inguruetan; bazkalondoan hasi eta iluntzea arte etengabe bota zuen toki askotan. Ederki zuritu zituen bazterrak, eta zenbait eragozpen eragin ere bai. Elurrak zailtasunak eragin zituen herriaren bueltako mendateetan eta baita baserri bide askotan ere. Gehienak konpondu badira ere, Urrakin, Elosuan eta Mandubian errepidea erabat itxita dago. Atzo arratsetik daude itxita Azpeitia hurrenez hurren Tolosarekin eta Beasainekin lotzen dituzten mendateak, eta goizean Azkoitia eta Bergara arteko Elosuako mendatea autoentzat ere itxi egin dute, Trafikoa.eus webgunearen gaur goizeko hamarretako azken eguneraketan ikus daitekeenez. Bidaniako errepidean, berriz autoek kateak behar dituzte, eta gainontzeko ibilgailuek deketatuta dute handik igarotzea. Azkoitia eta Elgoibar lotzen dituen Azkarate mendatean adi gidatzeko gomendatzen dute oraindik. Argindarra, bere onera Elurtearekin batera etorri ziren atzo iluntzean argindar etenak ere. Azpeitian joan eta etorri ibili zen argindarra toki askotan, eta beste batzuetan orduak egin dituzte argirik gabe. Igande goizerako, ordea, ia guztiz normaldu da egoera; Aratzerrekan iraun dute denbora luzeena argirik gabe, baina dagoeneko han ere berreskuratu dute indarra. Udaltzaingoak Uztarriari emandako informazioaren arabera, Urrestillako Arsuaga baserrian jarraitzen dute oraindik arazoarekin. Hemen, atzoko eta gaur goizeko irudi batzuk: (Argazkiak: Leire Larrañaga, Olatz Alltuna eta Uztarria)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide