Azpeitia-Bilbo egitasmoaren lehen etaparako izen ematea ireki du Lagun Onak MBk

Urola Kostako Hitza 2018ko urtarrilaren 3a

Azpeititik Debara joango dira mendizaleak urtarrilaren 13an eta hilaren 11rako eman behar da izena. Azpeitira itzultzeko edo Bilboko manifestaziora joateko autobusak aukeran izango dituzte Deban.

https://youtu.be/oM-td7JivDM Urtarrilaren 13an jarriko du martxan Lagun Onak Mendi Bazkunak 2018rako prestatu duen egitasmo berria. 2017an Azpeitia eta Hazparne oinez lotu ondoren, aurten Azpeitia eta Bilbo lotzea da asmoa. Zortzi etapa prestatu dituzte eta lehendabizikoa, Azpeitia-Deba, urtarrilaren 13an egingo dute. 08:00etan herriko plazatik Xoxote aldera abiatu eta, Alabier inguruan Izarraizko Itzuliko GR-arekin bat eginda, Aittolaraino iritsiko dira mendizaleak hari jarraituta. Handik Itziarrera joan eta, amaitzeko, Santiago bideari jarraituz iritsiko dira Debaraino. Bidean 15 minutuko geldialdia izango dute hamaiketakoa egiteko, eta beste 30 minutukoa, berriz, bazkaltzeko; bakoitzak bere jatekoa eraman beharko du. Debatik Azpeitira ala Bilbora, aukeran Urtarrilaren 13ko estreinako etapan parte hartu nahi dutenek dagoeneko eman dezakete izena, Lagun Onak MBren webgunean edo elkartearen tabernan, urtarrilaren 11rako. Ibilaldiaren egunean presoen eskubideen aldeko manifestazioa egingo da Bilbon. Hori dela eta, Deban bi autobus izango dituzte aukeran ibilaldian parte hartuko dutenek, bat Azpeitira itzultzeko eta bestea Bilbora joateko. Izena ematerakoan zehaztuko beharko dute mendizaleek zer autobus erabiliko duten, eta horren arabera aldatu egingo da, era berean, izen-ematearen prezioa. Horrela, Azpeitira itzuli asmo dutenek 3 euro ordaindu behar dute izena ematerakoan bazkide badira, eta 4 euro bazkide ez badira; Bilbora joateko, berriz, bazkideek 6 euro eta bazkide ez direnek 8 euro ordaindu beharko dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide