Dagoeneko 560 lagunek eman dute izena Azpeitiko San Silbestre lasterketan

Urola Kostako Hitza 2017ko abenduaren 29a

Gaur da lasterketa nagusirako izena Kirolprobak.com webgunean emateko azken eguna. Dena den, bihar eta probaren egunean ere eman ahalko da izena. Lasterketa nagusian parte hartu ahal izango dute 2004az baino lehen jaiotako lagunek. Gainerakoek, hau da 2004az geroztik jaiotakoek, lasterketa irekian irten ahal izango dute, eta ez dago probra horretarako izena eman beharrik.

Iristear da urteko azken eguna eta horrekin batera XVII. San Silbestre lasterketa, eta dagoeneko 560 lagunek erabaki dute urteari bukaera korrika ematea. Lasterketa nagusirako Internet bidez eman dute izena pertsona horiek guztiek, eta gaur da izena Kirolprobak.com webgunean emateko azken eguna. Dena den, bihar ere eman ahal izango da izena; izan ere, Xeye taldeko kideak Azoka Plazan izango dira 17:00etatik 20:00etara. Eta probaren egunean ere izango da izena emateko aukera, 09:00etatik 11:30era. Bi egun horietan 15 euro ordaindu beharko da dortsala, eta izena ematen dutenei elastiko bana ere emango diete. Lasterketa nagusian parte hartu ahal izango dute 2004az baino lehen jaiotako lagunek. Gainerakoek, hau da 2004az geroztik jaiotakoek, lasterketa irekian irten ahal izango dute. Xeye atletismo taldeak lasterketa irekiaren garrantzia azpimarratu du, inklusibitatearen aldeko 600 metroko proba izango delako. Proba horretan parte hartzeko ez dago izena eman beharrik, eta ez da sailkapenik izango. Aurten berrikuntzekin dator San Silbestre proba, eta, besteak beste, ez da patinatzaileen eta eskolartekoen lasterketarik izango. Aldaketak autobus geltokietan San Silbestre lasterketa dela eta, 11:00etatik 13:00etara autobusek ez dute geldialdirik egingo Julian Elortza kaleko, Trenaren museoaren ondoko eta anbulatorioaren aurreko geltokietan. Geltoki horietan beharrean sahiesbidean, tren museoaren ondoko oinezkoentzako zubiaren parean, geldituko dira autobusak.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide