2017an eskualdeko enpresetan izan diren lan istripuak salatzeko, manifestazioa egingo dute gaur Azpeitian

Urola Kostako Hitza 2017ko abe. 30a, 10:35

'Bederatzien sugarra, garraxi bakarra. Elkartasun borrokaz eutsi bizitzari!' lelopean egingo dute protesta, 19:00etan plazatik abiatuta. Azpeitiko Gaztetxea, LAB, Elkar-ekin, Ernai, Ikasle Abertzaleak, CNT eta ELA dira manifestazioaren deitzaileak.

Manifestazioaren deitzaileak, Corrugados enpresa zenaren aurrean. (Maialen Etxaniz) Bederatzien sugarra, garraxi bakarra. Elkartasun borrokaz eutsi bizitzari! lelopean, manifestazioa egingo dute gaur, larunbata, plazatik abiatuta. Eskualdeko enpresetan urte honetan izan diren lan istripuak salatzea da protestaren helburua. Azpeitiko Gaztetxea, LAB, Elkar-ekin, Ernai, Ikasle Abertzaleak, CNT eta ELA dira deitzaileak. Azkoitiko Piztu taldeak ere bat egin du deialdiarekin. Aurtengo urtean lan istripuz bederatzi lagun hil direla salatu dute manifestazioaren deitzaileek. Haien arabera, bi irizpide izan dituzte kontuan hildakoak zenbatzerakoan. Batetik, eskualdeko enpresetan lanean ari zirela hil direnak zenbatu dituzte, eta, bestetik, eskualdeko enpresentzako lanean ari zirela kanpoan hil direnak. "Urte beltza izan da aurtengoa eskualdeko langileriarentzat. Bederatzi lagun hil dira lan istripuz, eta edonor izan daiteke hurrengoa. Gure babes eta elkartasuna adierazi nahi diegu gertakari latz hauek beren azalean bizi dituztenei. Heriotzeraino garamatzaten bizi baldintzak salatzeko ordua heldu da, eta horretara gatoz", salatu dute.
19:00etan abiatuko da mobilizazioa, plazatik, eta herritarrei bertara agertzeko deia egin diete.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide