(Argazkia: Mailo Oiarzabal)
ETAk su etena eman zuen 2011n, eta aurten armagabetzea izan da, baina presoen egoerak bere horretan jarraitzen duela salatu dute hainbatek. Zer balorazio egiten duzue?
Naike Diez: Bai, hala da. ETAk 2011n su etena eman zuenetik, preso politikoen egoera ez da aldatu. Kopurua jaitsi da, eta beste egoera batean gaude, baina salbuespen neurriek berdin-berdin jarraitzen dute. Ikusten da gehiengo zabal bat dagoela aldaketak ematearen alde, baina, oraingoz, gure egunerokotasunean astebururo-astebururo bisitak egiten jarraitzen dute senideek urruti dauden espetxeetara. Beraz, aldaketak guregan gutxi izan dira.
Azken asteetan, badirudi Frantzian urrats batzuk egiten hasi direla. Zuen senideak, Joseba Segurola eta Josu Urbieta, Frantzian daude. Nola jarraitu dituzue azken albisteak?
Marijo Segurola: Nik uste dut askotan barruan daudenek modu batera bizi dutela, eta, gero, hori transmititzen dietela senideei eta lagunei. Nik ikusten dudana da ilusioak eta esperantzak ez ditugula mahai gainean jartzen. Pixka bat errezeloarekin begiratzen diegu gauzei, eta horrela bizi gara. Nik ez dut aldaketa handirik ikusi, eta ari gara egiten mobilizazioak eta bilerak, baina gero, praktikotasunean aldaketarik ez da ikusten. Eszeptizismo puntua ere badugu askotan. Izan ere, sarritan egon dira halako esperantza momentuak, baina, gero... Nik uste dut presoek beraiek ere distantzia bat jartzen dutela badaezpada ere.
Ander Urbieta: Guk ere Marijok [Segurola] kontatu duen bezala bizi dugu egoera. Josuk [Urbieta] lehen zuen 16 + 3 urteko espetxe zigorra; orain hiru horiek kendu egin dizkiote, eta 16 geratzen zaizkio. Abokatuak esan digu bost urte eta zortzi hilabete geratzen zaizkiola, baina atzo arrebari deitu zion Josuk eta esan dio bere kalkuluen arabera, erredentzioak eta denak kontatuta, lau urte eta erdi geratzen zaizkiola. Ez dakit, orain ikusiko dugu. Gu ilusio horrekin gaude, lau urte geratzen zaizkiola.
Jarraitu elkarrizteka irakurtzen
Uztarria.eus atarian.