Lazkano eta Arruti erdian, liburuaren aurkezpenean. (Eskafandra)
Pentsamendu feministan giltzarri diren liburuak euskaratzeko helburuarekin sortu zuten iaz Eskafandra bilduma izen bereko edizio taldea osatzen duten Eider Rodriguezek, Anari Alberdik, Ainara Lasak, Maialen Lujanbiok, Idurre Eskisabelek, Amagoia Gurrutxagak eta Lorea Agirrek, Elkarren eta Jakinen eskutik. Angela Davisen
Emakumeak, arraza eta klasea izan zen argitaratu zuten lehen liburua, Danele Sarriugartek euskaratua; Virginie Despentesen
King Kong teoria etorri zen gero, Itziar Diez Ultzurrunen itzulpenarekin; eta amaitu berri den Durangoko Azokaren atarian atera zuten labetik hirugarrena, Silvia Federiciren
Caliban eta sorgina. Edurne Lazkano azpeitiarra eta Aitor Arruti urrestildarra izan dira
lan hori ingelesetik euskara ekartzeaz arduratu diren itzultzaileak.
Itzulpengintzan lan egiten dute Lazkanok eta Arrutik, eskarmenturik ez zaie falta lanbidean, baina Eskafandrakoek eskatuta egin duten lana "aparteko zerbait" izan dela aitortu du Arrutik, egunerokoan esku artean izaten dituzten testuekin alderatuta. Ekainean jaso zuten enkargua, liburua Durangorako prest egon behar zela jakinarazita, eta baiezkoa eman zuten. "Txikitatik" ezagutzen dute elkar Arrutik eta Lazkanok, lanean ere behin baino gehiagotan egokitu zaie batera aritzea, eta elkarrekin lan egin zaharrak ez ziren
Caliban eta sorginaren itzulpenari ekin ziotenean, Julen Garate azkoitiarrak udaberrian aurkeztu zuen
Argi estalia liburuaren lantaldean aritu baitziren biak. "Lagunarteko edizio lana izan zen. Orduan hartu genuen lan metodo bat, eta metodo hori bera aplikatu dugu itzulpen lanerako", azaldu du Arrutik.
Galera baten kronika
Kapitalismoaren garapenak emakumeari zer ekarri dion, "kapitalismoaren garapena emakumearen ikuspegitik" azaltzen du Silvia Federicik
Caliban eta sorgina saiakeran, "eskoletan gaur egun ez dagoena, foku hori beti maskulinitatean jartzen delako".
Sorgin ehizaren eboluzioa da Federiciren tesia; Arrutiren hitzetan, "sorgin ehizaren eta emakumearen botere galera baten kronika» da liburua. «Gezurrezko salaketetan oinarrituta milaka lagun hondamendira eraman du sorgin ehizak, eta oraindik eramaten du, Afrikan eta Hego Amerikan bizirik jarraitzen duelako".
Caliban eta sorgina "liburu akademikoa" dela dio itzultzaileak, "unibertsitate ildokoa, azterketa bat, ikerlan bat". Baina, aldi berean, "aldika halako ikuspuntu ironiko bat ere" baduela nabarmendu du: "Anekdotaz josita dago, bibliografia oso modu eramangarrian dago sartuta. Irakurgai erraza da, eta oso-oso aberatsa". Arrutik eta Lazkanok ez zuten Federiciren lanaren berri liburua itzultzeko enkargua jaso zuten arte. "Feminismo marxistaren berri bagenuen, baina ez genekien Federici ordezkarietako bat zenik". Alde horretatik, aurkikuntza bat izan da Italian sortutako egilearen lana bi itzultzaileentzat. "Gu geu harritu egin gara askotan hainbat daturekin. Denak daude oso ondo kontrastatuta, dokumentazio lana beldurgarria da eta erabili duen bibliografia, sekulakoa. Eta guzti hori oso ondo dago txertatuta testuan, ezin hobeto josita".
Historian edota feminismoan interesa duen "edonorentzako" moduko irakurgaia dela deritzo Arrutik. Lazkanok eta berak egindako lanari dagokionez, orain arte "kritika onak bakarrik jaso" dituztela dio.