Santa Luzia Eguna ospatuko dute etzi, Azpeitiko Elosiaga auzoan

Urola Kostako Hitza 2017ko abenduaren 11

Egun osorako egitaraua antolatu dute etzirako, eta meza, kalejira, hamaiketakoa, bertsolariak, bazkaria, trikitilariak eta erromeria izango dituzte, besteak beste.

Baselizatik Añota sagardotegira kalejira egingo dute, Itzeder eta Lidia trikitilariekin. Elosiaga auzoan Santa Luzi Eguna ospatuko dute etzi, asteazkena. Egunari hasiera Meza Nagusiarekin emango diote, 10:30ean, auzoko Santa Luzia baselizan. Zumaiako eta Azpeitiko abesbatzak eta Jose Luis Frantzesena organo-jotzaileak parte hartu dute. Gainera, Juan Bautista Mendizabalek Elosiagaren eta San Inazioren arteko loturaren inguruko azalpenak emango ditu. Ondoren, soinu-jotzaileekin kalejira egingo dute Añota sagardotegira, eta han, 11:30ean, hamaiketakoa egingo dute. Bertsotan ariko dira Sebastian Lizaso eta Millan Telleria, eta giroa alaitzen, berriz, Lidia eta Itzeder. Gero, 12:30ean, herri kirol erakustaldia egingo dute Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi Txikia IV.a aizkolariek eta Martin Mendizabal eta Elias Perez harrijasotzaileek. Eta, festari bukaera bazkariarekin emango diote, Añota sagardotegian, 14:00etan hasita, eta arratsaldean bertsolariekin eta trikitilariekin erromeria izango dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide