Arrieta eta Iriarte Azpeitiko Frontoi Txikian. (Nerea Uranga)
Eneritz Arrieta: "Biotako edonork irabazita ere, berdin-berdin poztuko naiz"
Finala jokatu aurreko orduetan zer moduz zaude?
Ondo. Lasai nago, baina etorriko dira gero nerbioak, kantxara irteterakoan.
Zer giro duzu inguruan?
Finalera iritsita nahikoa egin dudala esaten didate, eta ahal dudana egiteko gaurko partidan.
Zergatik da garrantzitsua finala irabaztea, txapela janzteagatik ala ohore kontuagatik?
Neuri ez zait iruditzen garrantzitsua finala irabaztea. Biotako edonork irabazita ere, berdin-berdin poztuko naiz. Lagunak gara, eta ez zait axola biotako nork irabazten duen. Noski, dena ematera aterako naiz frontoira, eta poztuko naiz neuk irabazten badut, baina ez da ohore kontua inondik inora ere, lehia sanoa dugu gure artean.
Zer-nolako partida izango da?
Oso gogorra, oso estua. Maite fisikoki izugarri ondo dago, eta hamar buelta ematen dizkit. Sufritu beharko dut majo.
Esajeratzen ari zara; izan ere, elastiko gorriarekin zuk jokatuko duzu. Zeu zara, beraz, faboritoa?
Urruti ere hala zen! Justu, txapelketako lehen kanporaketan 18-14 irabazi nion Iriarteri, baina beste aldeko emaitza ere berdin-berdin izan daiteke.
Zer emaitza izatea espero duzu?
22-20, batera edo bestera.
Zeharo eskuzabal zaude...
Hala ikusten dut partida.
Zer indargune ditu Iriartek?
Beldur handiena daukan fisikoak ematen dit. Asko jotzen du pilota, eta ni nekatzen saiatuko da.
Eta zertan egiten du huts?
Ezkerra txarra duela dio, baina nik ez dut hori horren garbi...
Finalaren aurretik zer egingo duzu?
Egunerokoa. Ahal bada lo nahikoa egin, kafe bat hartu eta partida jokatzera joan. Ondoren, berriz, bazkaltzera joango gara.
Zu animatzera Sopelara zale asko joatea espero al duzu?
Kuadrillakoak eta familiakoak, behintzat, finalean izango dira.
Amuletorik eramango duzu?
Ez, baina partida aurretik zigarro bat erreko dut, lasaitzeko.
Garaipena lortuz gero, nori eskaniko diozu?
Ez dut pentsatu. Irabaziz gero, unean bertan sentitzen dudanaren arabera egingo dut eskaintza.
Txapelketan orain arte egindakoaz zer esango zenuke?
Kanporaketa gogorrena lehenengoa izan zen. Maite, Alaitz [Badiola] eta hirurok triangular berean geunden, eta Alaitz geratu zen kanpoan, bidegabeki. Triangular batzuk gogorrak izan dira oso, eta beste batzuk suabeak. Hori dela-eta, pilotari indartsu zenbait bidean gelditu da.
Zer osasun du emakumeen pilotak?
Orain pizten ari dela dirudi, eta segi dezala horrela. Txikitan aritzen ginen pilotan, baina 15 urtean geldirik egon behar izan dugu. Iker Amarika lan asko ari da egiten. Berak sustatu du, esaterako, Emakume Master Cup txapelketa.
Pilotarako zaletasuna nondik datorkizu?
Umetan, Beñat lehengusuarekin aritzen nintzen pilotan baserrian, sukaldeko nahiz garajeko hormetan eta bazter guztietan.
----------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Maite Iriarte: "Partida gogorra irudikatzen dut, pilotakada askokoa eta sufritua"
Partidaren atarian zer moduz zaude?
Ilusioarekin, gogotsu, baina urduritasun puntua ere badut.
Zer esaten dizute ingurukoek?
Ahal dudan onena emateko eta gozatzeko. Halere, inguruko batzuk ni baino urduriago daude.
Zerk du pisu handiagoa, txapelak ala ohoreak?
Txapela janztea sari berezia da, niretzat, behintzat, bai.
Nolako norgehiagoka izatea aurreikusten duzu?
Partida gogorra irudikatzen dut, pilotakada askokoa eta sufritua.
Apustuak egiten hasita, zer emaitzarekin bukatuko duzue?
Apustu honetan ez dut ezer galtzen, beraz, 22-21 nire alde.
Aurkariaren zer indargune aipatuko zenituzke?
Teknikoki oso pilotari ona da, eta ongi moldatzen da bi eskuekin.
Eta zertan egiten du herren?
Herren zertan? Jakingo banu...
Zer harreman duzu berarekin?
Lagun onak gara, asko estimatzen dut Eneritz. Argi dago bakoitza berea ematera aterako garela kantxara, baina gertatzen dena gertatzen dela, besarkada handi batekin amaituko dugu partida. Eta, gero, irabazlea trago bat ordaintzera! Kar, kar, kar.
Jaikitzen zarenetik finala jokatu bitarteko orduetan zer egingo duzu?
Finala 12:00etan da, eta 10:30ak ingururako Sopelara gerturatuko naiz. Urduritasunak uzten badit, behintzat, ahalik eta lo gehien egingo dut. Gero, egunero bezala kafesnea eta tostadak gosalduko ditut, eta frontoira.
Zu animatzera joanda, harmailetan zale asko izatea espero al duzu?
Familiakoak eta hainbat lagun finalean izango dira, eta etorri ezin duten hainbatek esan dit telebistaz ikusiko duela.
Ezer eramango duzu soinean?
Ez, inoiz ez dut ezer eramaten. Pilotari askok lepokoa eramaten dute, baina beti pentsatu izan dut asko molestatu behar duela.
Eta finalaren ostean, zer?
Animatzen diren lagunekin bazkaltzera.
Txapela jantziz gero, nori eskainiko diozu?
Nire gurasoei, inongo zalantzarik gabe, eta txapela ez bada, kopa. Bai pilotan eta bai futbolean –kirolari ibilbide luzeena azken horretan egin dut– nire jarraitzaile sutsuenak izan dira, garai onetan eta zailetan.
Txapelketan egin duzun lanaz zer balorazio egiten duzu?
Asko gozatu dut txapelketa honetan, eta ja oso pozik nago lortu dudanarekin. Dena den, nire lana baino gehiago txapelketa bera baloratuko nuke. Izugarrizko lana dago atzetik, ikusten ez den lana. Eskerrik asko eta zorionak antolatzaileei, horiek bai merezi dutela txapela!
Emakumeen pilotak zer osasun du?
Oraindik, tamalez, emakumeon kirol esparruan lan asko dugu egiteko. Halere, azken urteetan, pauso handia eman da, eta emakume pilotariak badaudela eta ondo jokatzen dutela ikusaraztea lortu da. Oraingo pilotari gaztetxoek pilotan jarraitzeko aukera izango dute, guk izan ez genuena. Izan ere, pilotak oso gogorrak ziren eta ez zeuden gure eskuetara egokituta. Beraz. hori lorpen handia da. Bestalde, emakume pilotariak ikusarazte horrek emakume gehiago animatuko eta erakarriko dituela uste dut.
Nondik norakoa duzu pilotarako zaletasuna?
Kirolzalea izan naiz txikitatik. Kirol guztiak ditut gustuko, eta ikastolan frontoia ere bazegoenez, pilotan ere aritzen nintzen. Baina ez dut zaletasunerako arrazoi berezirik.