Besteak beste, bakardadearen kapera bisitatuko dute osteguneko bisitan parte hartzen dutenek (uztarria.eus)
Ignaziotar Lurraldearen Ezkutuko Altxorrak programaren barruan, bisita gidatuak eskainiko dituzte datozen egunetan Azpeitian eta Azkoitian. Aurrena, bihar, asteazkena, izango da, eta azkena igandean, abenduaren 10ean.
Bihar, asteazkena, Azkoitiko Inaziotar Guneak ezagutzeko aukera izango da, hala nola Balda Etxea, hango kapera, Idiakez etxea eta Floreaga Zaharra. Parte hartu nahi dutenek Balda plazara agertu beharko dute 12:00etan.
Ostegunean, Soreasuko Sebastian Donearen parrokia ezagutzeko irteera egingo dute. Parrokiaren barruan, eliza ikusteaz gain, San Inazioren bataio pontea eta bakardeko kapera bisitatuko dituzte gerturatzen direnek. Hitzordua parrokia atarian jarri dute, 12:00etan.
Ostiralean Azkoitiko Santa Kutz komentua ezagutzeko parada izango dute herritarrek. Ignacio de Iberok diseinatutako hiru erretaula ikusi ahalko dira bertan, besteak beste. Santa Kutzeko monastegian elkartuko dira parte hartzaileak 12:00etan.
Azpeitiko bigarren bisita gidatua, zapatukoa, Erdi Aroko almendra txikian barrena egingo dute, eta Inaziotar guneak bisitatuko dituzte hitzordura bertaratzen diren lagunek. Plaza Txikitik, turismo bulegoaren aurretik, irtengo dira parte-hartzaileak, 12:00etan.
Bosgarren eta azken bisita gidatuari Ilustrazioko Azkoitia izenburua jarri diote, eta igandean izango da. Bisita horretan Intxausti jauregiko txokoak ezagutu ahalko dira, eta XVIII. mendean eta Ilustrazioaren garaian murgilduta. Intxausti jauregian elkartuko dira herritarrak, 12:00etan.
Bisita gidatua irekiak izango dira, eta, beraz, nahi duen herritar oro hurbil daiteke horietara. Hala ere, aurrez izena ematea gomendatu dute, Loiolako Turismo Bulegoarekin harremanetan jarrita. Hiru bide daude horretarako: bulegora gerturatzea, i-loiola@urolaturismo.eus helbidera idaztea eta 943-15 18 78 telefonora deitzea. Parte hartzen dutenek ez dute bisitengatik ordaindu beharrik izango.
Ignaziotar Lurraldea izendapenaren barruan dauden Urola Erdia, Debagoiena eta Urola Garaia eskualdeetako "harribitxiak" ezagutzeko sortu zuten programa da Ignaziotar Lurraldearen Ezkutuko Altxorrak. Hiru bailaretako garapen agentziek kudeatzen dute: Debagoieneko Mankomunitateak, Ugasak eta Iraurgi Berritzenek.