Liburuaren aurkezpeneko irudia. (@ainariss)
Gaur, astelehena, aurkeztu dute Enekoitz Esnaola (Azpeitia, 1970)
Berriako kazetariak idatzi duen
Luhuso: ETAren armagabetze zibilaren kontakizuna liburua, Baionako Euskal Museoan. Azpeitiar kazetariak Aieteko bake konferentziatik ETAren armagabetze egunera arteko kontakizuna egin du Aleka bildumarako idatzitako liburuan. Bide horretan guztian lekuko izan diren eta parte hartu duten hainbat kide elkarrizketatu du Esnaolak.
Esnaolaz gain, gaurko aurkezpenean izan dira Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko presidentea eta Mixel Berhokoirigoin bakegilea. Bideo bidez, Anaiz Funosas Bake Bideko bozeramaileak eta Jean Noel Etxeberri
Txetx bakegileak ere parte hartu dute aurkezpenean.
Berhokoirigoinek eta Etxegaraik Luhusoko armagabetzearen garrantzia azpimarratu dute. Berhokoirigoinek "historikotzat" jo du saio hura, eta Etxegaraik nabarmendu du egun hartan herritarrek hartu zutela iniziatiba "estatuek egiten ez zutena". Armagabetzea "gauza handia" izan zela azaldu du Esnaolak, eta haren asmoa izan da "han zer gertatu zen kontatzea eta arrasto bat uztea".
Durangoko Azokaren barruan, abenduaren 6an, liburuaren beste aurkezpen bat egingo dute. Azokako areto nagusian egingo dute aurkezpena, 17:00etan hasita. Liburua Elkarrek, Jakinek eta
Berriak argitaratu dute elkarlanean, eta Berria Dendan dago
eskuragarri.