Itziar Bastida eta Anaitz Lizartza azpeitiarrak bigarren, Euskal Herriko Bikote Gazteen Dantza Suelto Txapelketan

Urola Kostako Hitza 2017ko aza. 27a, 13:44

Guztira, 21 bikote lehiatu ziren atzo jokatutako txapelketan, eta azpeitiar eta azkoitiar dantzari gazteak nabarmendu ziren sailkapenean. Izan ere, bigarren sailkatuen atzetik, hirugarren postua eskuratu zuten June Elortza azpeitiarrak eta Eneko Sarasua azkoitiarrak.

Itziar Bastida eta Anaitz Lizartza bikote azpeitiarrak bigarren egin zuen atzo, Bergaran jokatu zen Euskal Herriko Bikote Gazteen Dantza Suelto Txapelketan. Atzo, azaroak 26, jokatu zen Euskal Herriko Bikote Gazteen 40. Dantza Suelto Txapelketa, Bergarako Udal pilotalekuan. Azpeitiko eta Azkoitiko hainbat dantzarik hartu zuten parte bertan, eta aurreneko postuetan sailkatzea lortu zuten, gainera. Itziar Bastida eta Anaitz Lizartza azpeitiarrek bigarren postuan sailkatzea lortu zuten, Maider Aginaga eta Iker Belintxon lezoarren atzetik. Horiek txapelketa irabazten duten hirugarren aldia da aurtengoa. Azpeitiko bikotearen atzetik, hirugarren postuan, June Elortza azpeitiarra eta Eneko Sarasua azkoitiarra sailkatu ziren. Laugarren postua, berriz, Elaia Elorza eta German Aranburu azpeitiarrek eskuratu zuten, eta bosgarren gelditu ziren Enara Arrizabalaga azpeitiarra eta Iker Sarasua azkoitiarra. Guztira, 21 bikote lehiatu ziren Bergaran, eta urtero egiten duten moduan bikote bakoitzak fandango bat eta arin-arin bat dantzatu behar izan zuen. Sailkapena, osorik, hemen:
  • 1. Saria: garaikurra, txapela, zapia eta 180 euro. Maider Aginaga eta Iker Belintxon (Lezo).
  • 2. Saria: garaikurra eta 160 euro. Itziar Bastida eta Anaitz Lizartza (Azpeitia).
  • 3. Saria: garaikurra 150 euro. June Elortza eta Eneko Sarasua (Azpeitia-Azkoitia).
  • 4. Saria: garaikurra 140 euro. Elaia Elorza eta German Aranburu (Azpeitia).
  • 5. Saria: garaikurra eta 130 euro. Enara Arrizabalaga eta Iker Sarasua (Azpeitia-Azkoitia).
Jantzi egokienari saria: garaikurra. Olatz Azkue eta Mattin Etxebeste (Lezo-Oiartzun).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide