Enekoitz Esnaola Berriako kazetariak (Azpeitia, 1970) Luhuso. ETAren armagabetze zibilaren kontakizuna liburua aurkeztuko du abenduaren 4an, Baionan. Azpeitiarrak Aieteko bake konferentziatik ETAren Baionako desarmatze egunera arteko kontakizuna egin du Berriaren, Jakinen eta Elkarren Aleka bildumarako idatzitako liburuan. Izan ere, euskal gatazkan hainbat mugarri izan dira bakegintzarako azken urteotan.
Bide horretan guztian lekuko izan diren eta parte hartu duten herritarrek eta adituak elkarrizketatu ditu Esnaolak, hala nola Mixel Berhokoirigoin, Jean Noel Etxeberri Txetx, Stephane Etxegarai, Beatrice Molle eta Michel Tubiana bakegileak. Horiekin ez ezik, PSko Frederique Espagnac eta Sylviane Alaux, LRko Max Brisson, EH Baiko Jakes Bortairu, EAJko Joseba Aurrekoetxea eta Sortuko Rufi Etxeberriarekin ere aritu da solasean azpeitiarra. Gainera, Ram Manikkalingam NEBeko ordezkaria, Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria, Alvaro Baraibar Nafarroako Gobernuko Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia eta Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Bizikidetza eta Lankidetza idazkari nagusia eta David Pla Konponbiderako ETAren ordezkaritzako kidea ere elkarrizketatu ditu liburua osatzeko.