Elkartasun rallya, Marokon zehar

Ainitze Agirrezabala 2017ko azaroaren 24a

Aritz Elgarresta eta Egoitz Mujika, ibilgailua probatze aldera Kantabriara egindako bidaian. (A. Elgarresta) Arropaz, oinetakoz, jostailuz, eskolako materialez eta higienerako produktuz betetako 4x4 ibilgailuarekin Marokoko Neguko Elkartasun Lasterketan hartuko du parte Aritz Elgarrestak (Azpeitia, 1982), hilaren 2tik 8ra. Egoitz Mujika urretxuarra izango du Elgarrestak bidaide, eta elkartasun abenturaren atarian "gogotsu eta ilusioz" daudela adierazi du. Motoekiko eta autoekiko zaletasuna mutil kozkorretatik du Elgarrestak, eta urteen poderioz, gainera, "afizioa areagotu" egin zaiola aitortu du. "Urraki azpian dagoen Urbitetxo baserrian jaioa naiz, eta Urrakiko igoera zenean edo Azpeitian rallya, bizikleta hartu eta ikustera joaten ginen". Etxean halako afiziorik ez duela ezagutu dio Elgarrestak, baina kuadrillako lagunak ere betidanik "motordun ibilgailuen zaleak" izanik, "beti mundu horri lotuta" ibili izan direla gaineratu du. Azpeitiarra, ordea, ez da motoen eta kotxeen ikusle edo afizionatu pasiboa. "Arkaitz Zubimendi Larre, Carlos Sainzen taldean Espainiako txapelketan lehiatu zena, kuadrillakoa dut, eta, orain, rallyetan elkarrekin parte hartzen dugu; hura gidaria da eta ni kopilotua. Mujikarekin ere hainbat rallytan parte hartutakoa naiz, baina hark autoa saldu du, eta rallyak alde batera utzi ditu". Iparraldetik hegoaldera Urte hasieran, hainbat lagun Europako Mendietara (Asturias, Espainia) joan ziren egun batzuk pasatzera, eta bidaia hartan egin zituzten planak Marokoko Neguko Elkartasun Lasterketan parte hartzeko. "Eibarko lagun batek, Garikoitz Rodriguez Txikito-k, Marokoko rallyan parte hartuko duen bigarren aldia du aurtengoa, eta iaz bizitako esperientzia kontatu orduko konbentzitu gintuen lasterketan izena emateko". Maroko iparraldean hasi eta hegoalderako bidea egingo du bikoteak etapaz etapa, egunez egun, astebetean. Tetouanen ekingo diote lasterketari, mendi aldean, eta deserturaino jaitsiko dira, egunean, gutxi gorabehera, 250-300 kilometroko bidea eginda. "Zenbait etapatan, eguna argitzerako aterako gara, eta asmoa da ahal dela ilundu baino lehen bukatzea". Etapa bakoitzaren amaieran, berriz, gaua pasatuko duteneko herritarrei materiala emango diete. Lasterketa ez da puntuagarria, baina etapa bakoitzean 80 kilometroko erlojupekoa jokatuko dute, erregulartasuna neurtzeko. Iparrorratza, mapa eta norbere sena izango dituzte lagun Marokoko elkartasun abenturan. "Debekatuta dugu GPSa erabiltzea, eta arazo mekanikoren bat izanez gero, geuk konpondu beharko dugu. Baina, tira, une honetan automozioa ari naiz ikasten Elgoibarren, eta moldatuko gara. Matxura handia bada, berriz, marokoarrei beraiei eskatu beharko diegu laguntza". Marokoko rallyaren eta ibilbidearen "ezaugarriak kontuan" izanda, lur orotako ibilgailua erosi dute Elgarrestak eta Mujikak. "Guztira, 64 autok parte hartuko dugu, eta batzuk Renault 4 cuatrolatas batean aterako dira. Kontuan izanda, ordea, alde batetik, lokatzetan eta hondarretan ibili beharko dugula, eta, bestalde, hango herritarrei dohaintzan emateko ahalik eta material gehiena eramatea nahi dugula, arrazoi horiengatik erosi dugu guk 4x4 ibilgailua". Marokon egingo den lasterketara "gozatzera" doazela dio Elgarrestak: "Ibilgailua rallyrako egokitu dugu: suspentsioak aldatu dizkiogu, eta autoa lokatzetan edo hondarretan ez aurrera ez atzera geratuko balitz ere, behartuta gaude palak, konpresore bat, plaketak, sokak eta sling-ak eramatera. Uste dut guztien beharra izango dugula, kar-kar-kar". Hala, abenturan murgiltzerako beraien 4x4a probatu dute, eta "balekoa" da. "Abuztuan erosi genuen ibilgailua, eta pixka bat probatze aldera, atzean lo egiteko ohea jarri eta Kantabriara eta handik Asturiasera joan ginen, mendiz". Material bilketa, Pikuan Marokora eramateko material bilketaren berri ahoz aho zabaldu dute lagunartean, familian eta ingurukoen artean, eta dagoeneko bi furgoneta bete dituzte gauzez. "Nahikoa arropa, oinetako eta jostailu jaso dugu, baina inork ekarpenik egin nahiko balu, eskola materiala edo higiene produktuak eman ditzake, horiek falta ditugu eta". Egitasmoan bere hondar alea jarri nahi duenak, beraz, Azpeitiko Pikua tabernara eraman dezake materiala.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide