Sahatsako musikariak entsegu saio batean. (Sahatsa Dantza Taldea)
Danbor hotsen aurretik, San Andres aurreko zapatuan izango da bestelako musika doinurik Azkoitian. Bi urtean behin, sanandresek hitzordu berezia eskaintzen diete herriko musikazaleei eta dantzazaleei, eta 2017a da urte horietako bat. Sahatsa dantza taldeak, Musika Bandak eta Iraurgi abesbatzak indarrak batu dituzte beste behin, festetako egitarauaren barruan ikuskizuna eskaintzeko.
Bizkaia da aurtengorako prestatu dutenaren izenburua. Baztartxo antzokian emango dute, 18:00etan.
Izenaren jabe izango da biharko ikuskizuna. Bizkaiko doinuak eta dantzak edo Bizkaiarekin lotura zuzena dutenak entzuteko eta ikusteko aukera izango da Baztartxon: Pablo Sorozabalen eta Jesus Guridiren lanak, doinu eta abesti herrikoiak, eta Benito Lertxundirenak.
Sahatsak iazko Azpeitia Dantzan egitasmoaren barruan eskaini zuen pasarte batetik abiatuta sortutako ikuskizuna dela azaldu du Juan Luis Lizabe dantza taldeko kideak, eta dantzari dagokionez badu berrikuntzarik Bizkaian egingo dutenak: "Lehenengo aldiz, bi talde eginda plazaratu genituen dantzak, mutilen taldea batetik eta haren paraleloan nesken taldea, denak Bizkaiko dantzak egiten. Emaitza polita zela ikusita, pentsatu genuen aurtengo sanandresetarako ere egokiak izango zirela dantza horiek".
Ordubete eskasean, "asko landutako koreografiak" ikusteko aukera izango dela adierazi du Sahatsakoak, "eta Sorozabalek bandarentzat eta abesbatzarentzat sortutako pieza nahikoa ezezagun bat ere bada tartean. Hasiera zirraragarria eta bukaera oso polita dituen ikuskizuna da". Idi bat eta gurdi baten gurpila ageri dira Bizkaia iragartzeko kartelean; Sahatsako Alain Sorazu azpeitiar dantzariak marraztu ditu biak.
Jaialdian parte hartzen duten hiru taldeen arteko elkarlana nola gauzatzen duten galdetuta, Lizabek dio joan den maiatzean hasi zirela bandako, Iraurgiko eta Sahatsako ordezkariak lehen bilerak egiten. "Lehendabiziko lana ikuskizunaren eskema bat osatzea izaten da, zehazten hasteko nolako ikuskizuna eskaini nahi dugun, zer kontatu nahi dugun, istorioa osatuko duten dantzak non kokatuta dauden, zer musika mota den egokiena, eta elementu guztiak batzeko loturak nola egin daitezkeen". Hasierako lan hori, aurtengoan bezala, "normalean Sahatsak" egiten duela dio. Ondoren azaltzen diete prestatu duten abiapuntua abesbatzari eta Musika Bandari. "Beraien iritziak eta proposamenak ere jasotzen ditugu, batik bat aukeratutako gaiarekin zer musika eta abesti diren egokienak erabakitzeko. Partiturak eta behar diren bestelako gauzak nola eta zeinek lortu hitz egin eta lanak banatzen ditugu. Jarraipena dator gero, partiturak, errepikapenak eta abarrak koreografiekin bat datozela ziurtatzeko".
Ekainean eta uztailean aipatutako materiala inguratzen aritu ziren hiru taldeetakoak. Abuztuko etenaren ostean, irailean eta urrian bakoitza bere aldetik hasi zen entseguak egiten, eta hil honetan egin dituzte entsegu nagusiak; bi saio egin dituzte bandakoek, abesbatzakoek eta dantza taldekoek elkarrekin, biharko emanaldia prestatzeko.
30 urte inguruko elkarlana
Badira 30 urte inguru Azkoitiko Musika Banda, Iraurgi abesbatza eta Sahatsa dantza taldea sanandresen bueltan ikuskizunak ematen hasi zirela, "hasierakoak plaza zaharrean, eta 1991tik aurrerakoak Baztartxon", Lizabek gogora ekarri duenez.
Nafarroa, Bideko sentipenak, Kondairaren oihartzunak eta Bidasoa eta Bardeak dira azken urteetan egin dituzten jaialdien izenburuak; azken hori izan zen duela bi urte, 2015ean, eskaini zutena.
Bihar estreinatuko dute Azkoitian
Bizkaia, baina ikuskizun hori Azpeitian ere egin nahi du Sahatsak, azken urteetan egin izan duen bezala. «Datorren urteko Azpeitia Dantzan egitasmoaren barruan emateko asmoa dugu, Azpeitiko Musika Bandarekin eta Julian Barrenetxea abesbatzarekin batera.
Kondairaren oihartzunak eta Bidasoa eta Bardeak ikuskizunekin ere horrelaxe egin genuen", aurreratu du Lizabek.