Aste honetan jakinaraziko dute herritarrek hondakinak zer gunetan bota beharko dituzten

Urola Kostako Hitza 2017ko azaroaren 15a

Herritarrek, etxepeko administradoaren bidez, gunearen inguruko iradokizunak egin ditzakete udaletxean edo mankomunitatean, azaroaren 24ra bitartean; hezitzaileak konpostagailuak eta bilketen inguruko eskuorriak eta imanak banatzen ari dira baserrietan.

Hondakinak biltzeko sistema berria jarriko du Azpeitiko Udalak martxan urtarrilaren amaieran. Orduan, hondakin organikoak eta errefusa txip bidezko edukiontzietan jasotzen hasiko dira, eta Udalak eta Urola Erdiko Mankomunitateak dagoeneko zehaztu dituzte edukiontzi horiek non jarriko dituzten. Guztira, 60 edukiontzi jarriko dituzte herrigunean, eta aste honetan ipiniko dituzte etxe-atari bakoitzean hondakinat non bota behar dituzten. Norbaitek bere puntuari dagokion iradokizunik egin nahi badu, etxeko administradoaren bidez udaletxera eta mankomunitatera jo dezake. Arazoaren 24ra bitartean egin daitezke eskaerak, eta abenduaren 7rako erantzuna emango diete. Udalak jakinarazi duenez, banaka egindako eskaerei eta epez kanpo aurkeztutakoei behin sistema ezarri ondoren emango diete erantzuna. Udala eta mankomunitatea joan zen hilean hasi ziren herriko auzoetan eta herrigunean bilerak egiten, herritarrak sistema berriaz informatzeko. Orain, landa eremuko guneetan ari da lanketa egiten, eta hezitzaileak etxez etxe ari dira konpostagailuak eta bilketen inguruko eskuorriak eta imanak banatzen. Horrez gain, herriguneko merkatariekin eta ostalariekin bilerak egiten ari dira azken egunetan. Batzarretara joan ez diren saltokiei eta tabernei, berriz, bisitak egingo dizkie gero hezitzaileek. Urtarrilaren hasieran, berriz, txartelak, hiztegiak eta kubo txikiak banatzen hastekoak dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide