Oihan Amezua: "Azala oilo ipurditan duzula dena emateak ez du preziorik"

Ainitze Agirrezabala 2017ko aza. 15a, 10:31

Sormenaren erakusleiho berria den Arkupehotsak egitasmoaren barruan, zuzenekoa eskainiko du Delient talde jaioberriak ostiralean Sanagustinen, 22:00etan hasita.

Oihan Amezua Delient musika taldeko bateria-jotzailea, ezkerretik hirugarrena. (Oihan Amezua) Mondocaneko kide Haritz Amezuak (gitarra) eta Iñaki Odriozolak (ahotsa), Neu taldeko Ibai Blankok (baxua) eta Ezineaneko Oihan Amezuak (Azpeitia, 1984) iragana atzean utzi dute, bide berri bati ekiteko. Proiektu berriak talde bakoitzaren esentzia jasotzen badu ere, "oinarrian Mondocaneren errautsetatik sortutako proiektua" da Delient. Mondocane, Ezinean eta Neu taldeetako lau kide elkartu zarete bide berri bati ekiteko. Nolatan? Denbora da egunerokoan lagunak garela, eta, zeharka bada ere, gehienok jardun dugu besteon proiektuetan lanean, bideogintzan, argazkigintzan, zuzenekoetan... esku bat botatzen. Lehenago edo beranduago gertatu beharrekoa zen, eta iritsi zaigu momentua. Gainera, Haritz anaiak eta biok, musikaren munduan 17 urtez aritu ostean, aspalditik genuen gogoa halako proiektu baten bidez elkartzeko. Esku artean duzuen proiektuak zenbat du talde bakoitzetik? Talde guztiek eman digute maila pertsonalean disziplina hau lantzeko esperientzia. Onartu beharra dago musikalki errealitate oso desberdinak lantzetik gatozela, baina, oinarrian, Mondocane taldearen errautsetatik sortutako proiektua da. Rockaren alderdi desberdinak landu dituzue. Zein da Delient taldearen esentzia? Doom edo stoner rock gordina oinarri hartuta, metal edo psikodelia ikutuetaraino joan gara gure konposizioetan. Hori da hasiera batean batu gintuen ideia nagusia, baina, egia da, ez gaituela asko kezkatzen estiloaren nondik norakoak. Barrenetik ateratzen zaiguna modu gordinean azaleratzen dugu, etiketetan pentsatu gabe. Nola ondu dituzue abestiak? Denon artean. Modu oso irekian egin dugu lan, lokalean egindako inprobisazioetatik abiatuta, bakoitzak bere ideiak taldean azalduta eta denon artean landuta. Hala ere, Haritzi [Amezua] onartu behar zaio konposizioaren pisurik handiena, askotan etxeko lanak eginda etortzen baitzaigu entseguetara. Zer estudiotan grabatu duzue diskoa? Ez dugu diskorik oraindik. Atera kontuak, Arkupehotsak egitasmoa aurkeztu zutenean, artean lau-bost entsegu baino ez genituen eginda. Azken egunean eman genuen izena proiektuan, sailkatuko ez ginelakoan, baina, aldi berean, baita presio pixka bat izate aldera ere. Sailkatu ginela jakin orduko, jada ez zegoen atzera bueltarik, zuzeneko kontzerturako data jarrita zegoen, eta bai ala bai, lana aurrera atera beharra zegoen, gure proiektua oholtzan gogotsu defendatzeko. Zuzeneko lehen kontzertu honetarako egin dugun lana profitatu nahi dugu jarraian estudiora sartzeko. Alegia, negua estudioan sartuta emango dugu, eta 2018an ekingo diegu zuzenekoei serioago. Nola du izena zuen lehen lanak? Duela gutxi bukatu dugu konposaketa lana. Momentuz, bi abesti ditugu grabatuta, eta horiek Arkupehotsak egitasmora aurkezteko erabili ditugu. Oraindik ez dugu pentsatu aurki grabatuko dugun lan berriari zer izenburu jarriko diogun. Zer gai jorratzen dituzue zuen abestietan? Kantuen letra guztiak Iñaki abeslariak egin ditu, eta abestiek continuum bat dute, beraien artean lotura baitute. Kantu bakoitzak injustizia bati buruz hitz egiten du. Norbanakoaren bizitzatik hasi eta guztiona den mundu hau nola ikusten dugun adierazi nahi izan dugu, geuk ere aldarrikapen ozena eginez. Azken finean, hortik atera da taldearen izena. Zer esan nahi du, bada, delient hitzak? Ez da inoiz erraza izaten izena aukeratzea. Konposizioek baino buruko min geihago eman dezake zenbaitetan. Askok jakin ez arren, euskarazko hitza da, Iparraldean erabilia. Hitza ezezaguna izate horrek erakarri gintuen, eta esanahiaren indarrak ere bai: erabakior, ausart edo adoretsu hitzen sinonimoa da. Zenbat kantu sortu dituzue? Momentuz, hamar kantu ditugu finkatu samartuta, baina beste hainbat ideia ere baditugu buruan. Zuetako bakoitzak ibilbide luzea egina du aurretik Mondocane, Ezinean eta Neu taldeetan, besteak beste. Zer ikasi duzue hainbeste urteko musika ibilbidean? Ba, inolako pretentsiorik gabe ondo pasatzea dela funtsa. Azken finean, hau guretzat hobbya da, serio hartzen dugun denbora-pasa bat. Norberaren bizi baldintzek ez dute beti errazten halako proiektu bat aurrera eramatea, baina gustura hartzen den zama da. Entseatzera sartu, eta lokaleko intimitatean zeure konposizioak joz azala oilo ipurditan duzula dena emateak ez du preziorik. Behin diskoa grabatuta, zer ibilbide egitea aurreikusten duzue? Grabazioa amaitu arte, ez dugu presarik zuzenekoekin hasteko. Baina daramagun ibilbidean hainbeste txoko eta jende ezagutu ditugunez, ziur datorren uda mugitua izango dugula. Gogoa izanik, beste guztia iristen joango da. Musikari hasiberriei edota martxan dauden proiektuei plaza bat eskaintzeko eta haien lanaren zabalkundean laguntzeko sortu zen Arkupehotsak egitasmoan eskainiko duzue zuen lehen kontzertua. Zer helbururekin aurkeztu zarete proiektu horretara? Helburu bakarra martxan jartzea zen. Oso gogotsu heldu diogu proiektu honi, feeling handia lortu dugu geure artean eta lehenbailehen ekin nahi genion grabazioei, zuzenekoei eta abarrei. Gainera, egitasmoaren funtsa guztiz bat dator gurekin. Sortzaile zein proiektu berrientzat prestaturiko egitasmoa da, eta ez gara gazteenak izango, baina proiektua jaioberria dela ezin da ukatu. Sortzaile berrien lanak sustatzea xede duen halako egitasmoen inguruan zer iritzi duzu? Oso ondo iruditzen zaigu. Lehen kontzertua eman nuela izango dira 17 urte, eta ederki aldatu gara. Oholtza eta ikusle kopurua asko murriztu da, garai bateko kale kulturarik ez dago, eta talde txikiek eta hasiberriek gero eta zailago dute beraien lanak jendaurrean erakustea. Hona hemen Delient taldearen bideoklipa: https://youtu.be/Z-orQZG9zpc

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide